Nafarroako Gobernuko presidentegaiak, Laura Aznalek, nabarmendu du EH Bildu Nafarroan toki ordezkaritza handiena duen alderdi politikoa dela eta sinetsita dagoela “maiatzaren 28aren ondoren lehenengo indar munizipalista izaten jarraituko dugula, oraindik ordezkaritza handiagoa izanik eta udal gehiagotan”.
Iruñeko, Eguesibarko, Uharteko, Ezkabarteko, Barañaingo, Berriobeitiko, Arangurengo, Zizur Nagusiko eta Atarrabiako alkate izateko hautagaiek parte hartu duten agerraldi batean, Aznalek nabarmendu du “Iruñerriak Nafarroako biztanleen erdiak baino gehiago biltzen dituela, % 56, eta, beraz, funtsezkoa dela bertako udal guztietan bai eta Nafarroako Parlamentuan ere gehiengoek alde batera edo bestera egiteko”.
Hala, Aznalek balioa eman die “legealdi honetan udal horietako askotan lortu ditugun akordioei, gehiengo aurrerakoiak eta ezkerrekoak eratuz, eskuinaren politikak baztertu baitituzte”. “EH Bildu udal horietako askoren buru izan da eta izaten jarraitzen du, eta sinetsita gaude herritarrek konfiantza hori berrituko dutela”, gaineratu du.
Ildo horretatik, Presidentetzarako hautagaiak honakoa defendatu du: “EH Bildun badugu proiektu bat Nafarroarako, eta, jakina, Iruñerrirako ere bai”. “Iruñerria udalerri jakin batzuen batura baino askoz gehiago da, eta horregatik dira beharrezkoak eta positiboak herritarrentzat udalen arteko sinergiak eta lankidetza. Ziur gaude gure ekarpenak eta gure gobernatzeko modua erreferentzia direla Iruñerriko herritar guztientzat”, adierazi du.
Bere aldetik, Iruñeko Alkatetzarako hautagai Joseba Asironek nabarmendu duenez, “erronka handiak” ditugu aurrean “eskualde gisa aurrera egiteko”. Lehenik eta behin, “elkarrekin lan egiteko guneak hobetu eta areagotzea, bereziki Mankomunitateak garatutakoa”. Bigarrenik, mugikortasun jasangarria “eskualdeko erronka handia da”. “Garraio-sistema publikoa modernizatzeko eta elektrifikatzeko garaia da, ibilgailu pribatuaren eguneroko erabileraren alternatiba errealak eta eraginkorrak sortzeko”, aldeztu du Asironek.
Era berean, Alkatetzarako hautagaiak adierazi du beharrezkoa dela “zaintza-eredu berri bat garatzea, eragile sozialen, erakundeen eta zerbitzu publikoen inplikazioarekin”.
Azkenik, Asironek konpromisoa hartu du “etxebizitza duina izateko eskubidearekin”, eta adierazi du “ehunka etxebizitza publiko babestu eta alokairu sozial sustatzen jarraituko dugula, espekulazioak lekurik ez duen eredu bat bultzatuz”.