EH Bilduk ekitaldi soziala egin du Tafallan, Xabier Alcuaz Andueza hirirako zerrendaburua aurkezteko. Jesus Arrizubieta Tafallako egungo alkateak eta Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako presidentegaiak parte hartu dute larunbat eguerdian Arkakusoen plazan egin den ekitaldian.
Babestera joan diren ehun bat jarraitzaileren aurrean, Tafallako Alkatetzarako EH Bilduren hautagaiak eskerrak eman ditu azken egunotan jasotako babes eta zorionengatik, eta adierazi du alkategai gisa aurkezteko hartu duen erabakia beste urrats bat dela Tafallarekin duen konpromisoan, eta erronka hori bere gain hartzen duela “munduko ilusio eta lanerako gogo guztiarekin”.
Alcuaz ziur agertu da “politikak askorako balio duela, gure hiria hobetzeko, bizilagunen beharrei erantzuteko, eskubide sozialetan aurrera egiteko, aldatu behar dena aldatzeko, azken batean, pertsonen eta tafallarren bizitza hobetzeko”.
Tafallako azken bi alkateekin batera, hautagaiak ziurtatu du bere aurrekoek irekitako lan-ildoari jarraituko diola. “Auzolanaren ahalegin partekatutik Tafalla parte-hartzaileagoa eraikitzen joan gara. Tafalla justuagoa, gure oroimen komunal eta kolektiboaren lur emankorrean sustraitzen dena. Tafalla euskaldunagoa, gure aita-amek ereindakoa ureztatu eta zaintzen duena. Eta hemen gaude, Tafalla berdeago, gorriago eta moreago bat lortzeko lanean”.
Era berean, Alcuazek azpimarratu du garrantzitsua dela “Tafalla Erdialdeko motor turistiko, sozial eta kulturala izatea eta berdintasunezko garapenari ekarpena egiten jarraitzea”, eta ziur agertu da EH Bildu dela horretarako aukerarik onena.