Horrek UPNk iragarritako erreklamazio ekonomikoak arriskuan jar ditzake, obra osoan legez kanpoko itxura dagoelako, EH Bilduk ohartarazi duenez
Foruen Plazan XXL bandera jartzeko obren espedientea berrikustean ikus daitekeenez, obra hasi eta 27 egunera balioztatu zen haren proiektu teknikoa. Zehazki, Granadako Ibérica de Estratificados SL enpresak sinatutako proiektuari ez zitzaion oniritzia eman ekainaren 14ra arte, hau da, bandera erraldoia igo baino 8 egun lehenago eta zimentazio lanak hasi baino 27 egun geroago (2022ko maiatzaren 17a). Gainera, espediente bertatik ondorioztatzen denez, UPNk behatzez eman zion kontratua hiriko zoladuraren mantentze-lanez arduratzen zen enpresari eta hauek, gaitasun teknikorik ez zutenez, enpresa granadarra azpikontratatu zuen. “Prozedura horrek ez zituen bete Kontratuen Legeak ezartzen dituen aginduak, izan ere, horrelako obra baterako eskaintza kontrajarriak eskatzen ditu honek duen aurrekontu kopurua dela eta”, EH Bilduk dioenez.
Hala adierazi du EH Bilduk aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren. Era berean, talde abertzaleak obrak bermatzen zituen txosten teknikoa eskatu zuenean (maiatzaren 20an eskatu zuen, lanak hasi eta hiru egunera), ez zegoen halakorik. EH Bildurentzat zalantza argia da: Obra irizpen tekniko batek bermatzen zuen ala proiektua azkar eta presaka idatzi zen eta soilik oposiziotik eskatu genuelako? Zalantza horien aurrean, alderdi abertzaleak iragarri du beharrezko ekimenak aurkeztuko dituela UPNk zuzentzen duen gobernu taldeak legez kanpoko itxura duen espedientea azal dezan.
Iragarritako erreklamazioei buruzko zalantzak
“Baina ez da espediente hau UPNren obsesioengatik iruindar guztioi ia 180.000 euro kostatu zaigun lardaskeria hutsa, baizik eta horren ondorioek Mayak astelehenean bandera erori ondoren iragarritako erreklamazio ekonomikoak arriskuan jar ditzaketela” dio EH Bilduk. “Udalaren jarreraren segurtasun juridikoa, gure ustez, zalantzan gera daiteke”, dio. “Nori eskatuko diote dirua? Proiektua garaiz kanpo sinatu zuen Granadako ingeniaritza-bulegoari, obra egin zuen kontratari, altxatzeko motorra instalatu zuen argiztapen-enpresari edo banderak hornitu zituen ehungintza-enpresari?” galdetzen du talde suberanistak. “Agente horietako edozeinek esan lezake Iruñeko Udalaren erreklamazioen aurka beraiek ez direla proiekturik gabe ia osorik hasitako eta gauzatutako obren erantzule”, ondorioztatzen du taldeak.
“Beste espediente txapuzero baten aurrean gaude, alde batetik iragarri zuten hasierako aurrekontuarekiko % 78ko gainkostua egon delako, 180.000 eurorarte. UPNren presengatik, inprobisazioengatik, hatzez emandako kontratuengatik eta obsesioengatik, hau bere kortijo partikularra balitz bezala, behin da berriz Udala egoera barregarri batean uzten geratzen ari da” ondorioztatu du EH Bilduk.