Albisteak

2023-04-16

Unai Razkin, EH Bilduren alkategaia Irurtzunen

Unai Razkin, EH Bilduren alkategaia Irurtzunen NAFARROA

EH Bilduk jakitera eman du Unai Razkin dela Irurtzungo Udaleko Alkatetzarako bere hautagaia, eta maiatzeko udal hauteskundeetan lagunduko dioten pertsonen zerrenda osoa aurkeztu du. Razkinek (Irurtzun, 1989) Aitor Larraza egungo alkateari erreleboa hartuko dio horrela, Alkatetzan bi legegintzaldi egin ondoren. Aurkezpen-ekitaldia igande eguerdian izan da, Irurtzungo Foruen Plazan, eta bertan herriko zerrendaburuak eta Nafarroako presidentegai Laura Aznalek hartu dute hitza. Dozenaka lagun bildu dira bertan, besteak beste, alderdi politikoko hainbat hautetsi bai eta babesa erakutsi nahi izan duten bilkideak ere.

Bere hitzartzearen hasieran, Aznalek Razkinen “esperientzia politikoa eta gaztetasuna” balioan jarri ditu, “datozen lau urteetarako oso baliagarriak izanen zaizkigunak”. “Talde bikaina dugu Irurtzunen herriak aurrean dituen erronkei aurre egiteko, beti auzolanetik eta gardentasunetik lan eginez”, nabarmendu du.

Era berean, Aznal presidentegaiak EH Bilduk eta ERCk Estatuko Gobernuarekin Etxebizitza Legeari dagokionez lortu berri duten akordioa nabarmendu du. “Lortutako neurriek, hala nola alokairuaren prezioak mugatzeak eta etxegabetzeen aurreko babesak, onura zuzena ekarriko diote pertsona guztiek etxebizitza duina izateko duten eskubideari. Sakana bezalako landa-eremuetan ere politika ausartak behar dira etxebizitza bat eskuratzeak dakarren arazoari aurre egiteko”, adierazi du. “Berriz ere erakutsi dugu, EH Bilduk akordioak lortzen dituenean, pertsonen bizi-baldintzak hobetu egiten direla”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a