Albisteak

2022-04-06

“Prebentzioa eta lan komunitarioa”, EH Bilduk Haurren Legeari egindako ekarpenen ardatz nagusiak

“Prebentzioa eta lan komunitarioa”, EH Bilduk Haurren Legeari egindako ekarpenen ardatz nagusiak NAFARROA

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak balioan jarri ditu Haurren Foru Legeari aurkeztu dizkion zuzenketak, eta “pozik” agertu da “gehienak aurrera atera baitira” azken egunotan Nafarroako Parlamentuan burututako batzordeetan.

Eskubide Sozialen arloko EH Bilduko bozeramaile Patricia Peralesek Haurtzaroaren Lege honen “garrantzia” azpimarratu du, “haurren eta nerabeen eskubideen babesean baita prebentzioan eta arrisku-egoeren detekzio goiztiarrean ere aurrera egiteko”. “Horrek suposatzen du arreta asistentzial mota guztiekin hausteko mekanismoak ezarri behar direla eta, administrazioekin koordinatuta, elkarte komunitarioen bidezko lan prebentiboa bultzatu beharra, eta hori izan da gure zuzenketa guztien ardatza”, esan du Peralesek.

EH Bilduren bozeramaileak nabarmendu duenez, “garrantzitsua da umeengandik hurbilen dauden inguruneetan sare komunitarioak eraikitzea prebentzio lan ona egiteko; besteak beste, garaiz antzematea, laguntza sozioedukatiboa ematea eta zainketa komunitarioak sustatzea”. Ildo horretatik, Peralesek adierazi du “Nafarroak esperientzia handia eta ibilbide luzea duela metodologia hori gauzatzen duten erakunde komunitarioetan, Administrazioak nekez irits ditzakeen egoeretara iristen direnak”. Azaldu duenez, “legeari egiten dizkiogun ekarpen gehienek jasotzen dute lankidetza publiko-komunitario hori formalizatzeko eta arautzeko modua; izan ere, modu koordinatuan lan egiten denean, prebentzio jarduerak irismen handiagoa du”.

Bestalde, Peralesek uste du “premia larria dagoela prebentzioa indartu eta zabaltzeko, bai eta prebentzioa gauzatzeko modua sistematizatzeko ere”, eta, adierazi duenez, EH Bilduk beste hainbat zuzenketa aurkeztu ditu norabide horretan, zeinen bidez “Administrazioak jarduera zehatzak egin ditzan eskatzen du, planifikatutako prebentzio-logika baten barruan”.

Era berean, EH Bilduren beste proposamen bat izan da “antigitanismoa lantzeko eta haurren eskaletasunari aurre egiteko konpromisoa baita etxegabetze kasuetan bizileku-irtenbideak bilatzea ere; izan ere, Administrazioak haur eta nerabe guztien oinarrizko beharrak beteko direla bermatu behar du”.

Azkenik, alderdi politikoak deitoratu egin du Navarra Sumak eta PSNk izan duten jarrera, “Nafarroako bi hizkuntza propioak” aipamen bakarra legearen testutik kentzeko eskuinak aurkeztutako zuzenketaren alde egin baitute.  “Jarrera horrekin, Navarra Sumak eta PSNk euskararekiko mespretxua erakutsi dute berriro, Nafarroako hizkuntza-errealitateari buruzko aipamen guztiak ezabatuz”, kritikatu du EH Bilduren bozeramaileak.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a