Koalizioak “nahita egindako utzikeria” leporatu dio eskuineko hirukoari, segurtasuna baino interes alderdikoiak lehenesten dituztela salatuz
Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak adierazpen proposamen bat aurkeztu du premiaz, bihar Hirigintza Batzordean eztabaidatzeko. Adierazpen honen bitartez eskuineko hirukoa behartu nahi du Pio XII.eko korridore jasangarrian txirrindularien segurtasuna bermatzeko Udalbatzak hartutako erabakiak betetzera. Zehazki, adierazpenaren testuak Enrique Maya alkateari eskatzen dio "bete ditzala txirrindularien segurtasunarekiko dituen betebeharrak, Pio XII.aren etorbidean falta diren 302 bolardoak berrezarriz eta, era berean, ordena jar dezala bere udal-gobernuaren mugikortasun-politika ankerretan".
Bigarrenik, adierazpen-proposamenak eskatzen du gobernu-taldeak "Mugikortasuneko Batzordea deitzea, ekainaren 17ko batzordean erabaki zen bezala, alde batetik Iruñeko bizikleta-bideetako puntu beltz guztien jarduera-plana eta/edo seinaleztapena aurkezteko eta, bestetik, Amaya kaleko aldaketei buruzko azalpenak emateko".
EH Bilduk Pio XII. eko korridorean gobernuak izan duen “utzikeria” salatu du. "Eskuineko hirukoak bere hauteskunde interesak defendatzeko darabilen estrategiak arriskuan jartzen ditu Pio XII.ean egunero ibiltzen diren ehunka txirrindulari". Era berean, "Proiektu Estrategikoen arloa eta Herritarren Segurtasunerako arloaren arteko deskoordinazioa" salatu du koalizio subiranistak; izan ere, "korridore jasangarri honetan dauden gabezien erantzukizunari eta horiek konpontzeko eskumenei dagokienez, pilotea batetik bestera pasatzen diote arazoei aurre egin beharrean". Azkenik, EH Bilduk azpimarratu du Hirigintza Batzordearen aginduak ez betetzea "oposizioko taldeak mespretxatzea" dela, duela 15 egun beste ebazpen bat onartu baitzen gauza bera eskatuz. "Horrela gobernatzen du Navarra Sumak, herritarren gehiengoaren ordezkaritzari bizkarra emanda", salatu du.
Ostadar koloreko eserlekuak LGTBI+ kolektiboaren aitorpen gisa
Bestalde, EH Bilduk bigarren adierazpen bat defendatuko du bihar. Adierazpen horretan, Hirigintza arloak, LGTBI+ kolektiboaren elkarlanean, "LGTBI+ kolektiboaren askatasunaren, duintasunaren eta errespetuaren aldeko borrokaren sinbolo gisa ostadarren koloreko eserlekuak margotzeko lekurik egokienak aukera ditzala" eskatuko dio gobernu-taldeari. "Iruñeak aniztasuna errespetatzen duen hiria izan behar du, eta aldarrikapen, hezkuntza eta gizarte kontzientzia ildo horretan lan egiteko apustua egin behar da", argudiatu du EH Bilduk. "Eserlekuak jendea elkartzeko hiri altzariaren zati dira, sozializaziorako gune bihurtzen dira. Hori dela eta, eserleku horiek ostadar koloreekin margotzea lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen eta intersexualen eskubideak aitortu, errespetatu eta aniztasuna sustatzeko ekimen ona dela uste dugu ", gaineratu du.