“Kulturaren abangoardian egon behar duen Iruñea nahi dugu, ehun bizi eta sortzailea izango duena gure sortzaileei balioa emanez”
“Gure Kultur arloko programak Iruñea kulturaren abangoardiako hiri gisa kokatzearen aldeko apustua egingo du, ehun edo oinarri bizi eta sortzailearekin, gure tradizioak ikusarazteko eta gure sortzaile garaikideei balioa emateko. Historia eta modernitatea uztartuko dituen eskaintza kultural bat biltzen du programa honek, eta beste hiriekiko kalitatezko eskaintza kultural iraunkor batekin kokatuko gaitu”. Horrela laburbildu zuen Joseba Asironek, EH Bilduren Iruñeko alkategaiak, bere alderdiak kulturaren arloan egindako apustua.
Hiru proiektu nabarmentzen dira besteen gainetik: lehenik eta behin, Euskal Pilotaren Museoa sortzea; bigarrenik, Salestarren lokalak Musikaren Etxe bihurtzea; eta, hirugarrenik, Ziudadela Kultura Garaikidearen Zentro bultzatzea. Pilotaren museoari dagokionez, Asironek nabarmendu zuen “ekimen honen helburua Iruñea eta Labrit pilotalekua pilotaren inguruko antzinako kulturaren epizentro gisa birkokatzea eta bultzatzea dela, eta nazioartean erreferente gisa proiektatzea”. Museo honen egoitza Labritetik gertu egongo litzateke, eraikin berri edo birgaitu batean, eta, besteak beste, “pilota artxiborik handiena izango luke mundu mailan”.
Musika Etxeari dagokionez, Salesianosen kokatuko litzateke, UPNk Zabalguneko Civivox nahi duen eraikuntza berrian, eta, besteak beste, musika eta koru taldeen praktika eta entsegurako aretoak izango lituzke, baita “Pablo Sarasateren museoaren egoitza ere”, Asironek azaldu zuenez.
Hirugarren proiektuari dagokionez, hautagai soberanistak nabarmendu du “gure programan Ziudadelako Kultura Garaikidearen Zentroaren proiektua berreskuratzea jasotzen dugula, egungo praktika artistikoak sortzeko, erakusteko, bitartekotza egiteko eta zabaltzeko”. “Funtsezkoa da kulturan anbizioa eta erreferentzialtasuna berreskuratzea, Iruñeak Kulturaren abangoardian dagoen hiria izan behar duela defendatzen baitugu”.