EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak hainbat eskaera helarazi dio Mª Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariari, gizarte arloari dagozkionak, "ahal den neurrian, COVID-19ko krisiaren ondorioz Nafarroan familia ugarik jasan behar izan dituzten baldintza ekonomiko larriak arintzea" helburu dutenak.
Horren harira, EH Bilduk eskatu du "premiaz izapidetu daitezela osasun krisiaren ondorioz sortutako beharrei erantzuteko laguntza eskaerak". Horretarako, Talde Parlamentarioak Gizarte Eskubideen Departamentuari helarazi dio "beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuko langileak berrantolatzea edota langile gehiago kontratatzea departamentu hori indartzeko, baita toki entitateetako gizarte zerbitzuak ere, larrialdietarako eta errenta bermaturako laguntzak eskatzeko tramite guztiak arintzeko asmoz".
Ildo beretik, EH Bilduren ustez, "bizi dugun salbuespen uneak exijitzen du hemendik aurrera eskatzen diren laguntzak ahalik eta azkarren ematea". Hortaz, eskatu du "osasun krisiaren aurretik emandako errenta bermatuak berritzeko prozedurak birplanteatzeko, eta ondoren justifikatu beharko diren ofiziozko berritzeak planteatzeko aukera aztertzeko".
Era berean, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du, Maeztu kontseilariari jakinarazi dion bezala, "Madrildik datozen ia 5 milioiko laguntzak berehala banatzea, kontseilariak berak martxoaren 17an iragarritakoak, udalek eta mankomunitateek larrialdiko une hauetan eskura izan ditzaten".
Horrela, EH Bilduk eskatu du "azken asteotan izan diren zehapen-espedienteak bertan behera uzteko eta osasun krisia igaro arte ez tramitatzeko".
Azkenik, EH Bilduk prentsa ohar batean azaldu duenez, "pertsona askok ez dituzte ezagutzen salbuespen egoera honetan jaso ditzaketen laguntzak", eta, horregatik, koalizioak Nafarroako Gobernuari eskatu dio "beharrezko baliabide guztiak erabil ditzala herritar guztiei laguntza ekonomiko horiek jasotzeko dagozkien eskubideen berri emateko".