EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilari Manu Ayerdiri helarazi egin dio datorren apirilaren 9an, Aste Santuko osteguna, saltokiak ez irekitzeko eskakizuna. Era berean, koalizio sobiranistak bere kezka adierazi dio Nafarroako Gobernuari, merkatarien elkarteek eta sindikatu askok "zentzugabekeria sanitarioa" dela uste dutelako.
Jaiegunetan saltokiek irekitzearen aurka agertu izan da beti EH Bildu, eta, oraingo honetan bereziki, konfinamendu egoera kontuan hartuta, "uste dugu ez duela inolako zentzurik merkataritza-zentro horiek publikoari irekitzeak, horrek langileei eta, oro har, herritarrei dakarkien arriskuarekin".
EH Bilduk prentsa ohar batean defendatu duenez, "langileen osasun eskubidea eta lan eskubideak beste edozein interesen gainetik daude, eta Gobernuaren eginkizuna da eskubide horiek zaintzea". Horrela, eta are gehiago aste hauetan bizitzen ari garen salbuespen egoeran, EH Bilduren ustez, "ezinbestekoa da konfinamenduan lan eta lan dagoen sektore bateko langileen atsedenerako eskubidea errespetatzea".
Ildo horretan, EH Bilduk erantzukizunez jokatzeko eskatu du, "ahal den neurrian, merkataritza-guneak irekitzeko ordutegia murrizteko eta jaiegunetako jarduera saihesteko, eta, modu horretan, langileen osasuna ez ezik, herritar guztiena ere babesteko".