Albisteak

2023-04-06

Olatz Sanz Ciordia, EH Bilduren zerrendaburua Aiegin

Olatz Sanz Ciordia, EH Bilduren zerrendaburua Aiegin NAFARROA

EH Bilduk jakitera eman duenez, Olatz Sanz Ciordia izanen da alderdiaren alkategaia Aiegin aurtengo udal-hauteskundeetan. Sanz Aiegin jaio zen 1994an eta sei urteko alaba bat du, erizaintzako zaintza lagungarrien teknikaria da eta gaur egun Ubarmin klinikan egiten du lan. Bere lehendabiziko aldia da udal politikan eta, adierazi duenez, “herriaren alde lan egiteko eta hezkuntzaren, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren arloetan ekarpenak egiteko ilusioarekin” ematen du pausoa.

Hautagaiak gogorarazi duenez, “ikastetxe publikorik ez duen bi mila biztanletik gorako Nafarroako herri bakarra da Aiegi, eta, EH Bilduk Nafarroako Aurrekontuei egindako emendakinari esker, aurrera egin da behar horri erantzuteko”. Hala, “hurrengo legegintzaldia oso garrantzitsua izango da Aiegirentzat. Urte askotako herritarren aldarrikapenaren ondoren, Aiegiko Ikastetxe Publikoa errealitate bihur daiteke eta zerbitzu publikoetan sinesten eta herriaren hornidurak hobetzearen aldeko apustu irmoa egiten dugunon bultzada behar du”, defendatu du Sanzek.

Ildo horretan, EH Bilduk ohar batean adierazi duenez, “herriko gizarte zerbitzuen eta osasun arretaren defentsa” ere EH Bilduk Aiegirako duen programaren lan ildoak dira. “Herri egitearen aldeko apustua egiten dugu, eta horretarako ezinbestekoa da arlo publikotik biztanleriaren oinarrizko premiei erantzutea, urtero biztanle gehiago irabazten dituen Aiegiko herrirako”, nabarmendu du alkategaiak.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a