Laura Aznal eta Joseba Asiron buru duten Nafarroako Parlamenturako eta Iruñeko Udalerako hauteskunde-zerrendak berretsiko dituzte martxoaren 2, 3 eta 4an EH Bilduko kideek.
EH Bilduk ohar batean jakinarazi duenez, zerrendak osatzeko hautagaiak aurkezteko epea pasa den otsailaren 22an bukatu zen eta “proposamenik jaso ez dela baieztatu ostean, EH Bilduk zerrenda proposamenak luzatuko dizkio bere kidegoari”.
Nafarroako Parlamenturako honako hauteskunde-zerrenda proposamenak “esperientzia eta berritasuna uztartzen ditu, Nafarroaren ezagutza sakona eta Nafarroarekiko maitasuna ardatz nagusitzat hartuta”, adierazi du EH Bilduk.
Ildo horretan, “zerrenda osatzen duten pertsonek hiru ezaugarri nagusi dute komunean”, azaldu du EH Bilduk oharrean. “Gaitasuna, aurretik ditugun erronken aurrean konponbideak proposatzeko, herritarren eta kolektiboen eskutik; konpromisoa, EH Bilduren proiektu politikoarekiko, Nafarroarekiko eta nafar herritarrekiko; eta ilusioa, gauzak aldatzeko, jendartearen ongizatean aurrera egiteko, Nafarroa burujabeago eta justuagoa eraikitzeko”.
Halaber, zerrenda proposamen hau “EH Bilduren proiektuaren aniztasunaren isla” da. “Arlo, lurralde, eremu eta jatorri ezberdineko pertsonek osatzen dute eta azkeneko urteotan Nafarroako munizipalismoa aitzineratu duten alkate izandakoek paper garrantzitsua dute”, gaineratu du.
Hori dela eta, zerrenda proposamenak “dugun indarra eta Nafarroarekiko anbizioa adierazi, eta eskuinari aurre egin eta aldaketaren norabidean urrats erabakigarriak emateko indarra eta bokazioaren isla” dela defendatu du EH Bilduk.
Iruñeko zerrendaren ezaugarri nagusiak, berriz, “gobernu-esperientzia, gaitasuna eta ilusioa” direla adierazi du. “Iruñerako proiektu argi bat du EH Bilduk eta talde honek berau ordezkatzen du”, nabarmendu du.
Hori dela eta, zerrenda proposamenak “Iruñearekiko dugun anbizioarekin batera, gauzak aldatzeko gaitasuna eduki ez ezik prest ere bagaudela adierazten du”, defendatu du EH Bilduk.
Nafarroako Parlamenturako hauteskunde-zerrenda proposamenaren lehenengo 20 izenak honakoak dira:
1.- Laura Aznal
2.- Adolfo Araiz
3.- Eneka Maiz
4.- Severiano Txoperena
5.- Javier Arza
6.- Arantza Izurdiaga
7.- Txomin González
8.- Irati Jiménez
9.- Mikel Zabaleta
10.- Esther Lakasta
11.- Oihan Mendo
12.- Oihana Gallo
13.- Joseba Gines
14.- Garazi Subiza
15.- Unai Lako
16.- Fayzuri Caicedo
17.- Alberto Goikoa
18.- Haizea Huarte
19.- Raul Maiza
20.- Maite Fernández Font
Iruñeko zerrenda proposamenaren lehenengo 10 izenak dira:
1.- Joseba Asiron
2.- Garbiñe Bueno
3.- Joxe Abaurrea
4.- Maider Beloki
5.- Endika Alonso
6.- Aitziber Campion
7.- Borja Izagirre
8.- Zaloa Basabe
9.- Paula Garcia
10.- Josu Arraiz