Albisteak

2023-11-17

Nafarroako Parlamentuko Kultur Atrio erakusketa-programan “adierazpen askatasuna bermatzea” eskatu du EH Bilduk

Nafarroako Parlamentuko Kultur Atrio erakusketa-programan “adierazpen askatasuna bermatzea” eskatu du EH Bilduk NAFARROA

Proiektuaren arauetan aldaketak eginez inposatu nahi den “beto ideologikoa” salatu du

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak proposamen bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuko Kultur Atrio proiektuaren arauak aldatzeko, “ekimen honen funtsari eusteko, artistaren sormen askatasuna errespetatu, eta kolektiboek beren erakusketak antolatzeko eta erakusteko duten eskubidea errespetatzeko helburuarekin”.

Proiektu honetako arauak aldatzeko proposamenak Gamazadaren 130. urteurrenari buruz Nafarroako Parlamentuak hartu behar zuen erakusketari UPNk eta PSNk emandako ezezkoan du jatorria. Erakusketa Martintxo Altzueta, Fidel Axkoaga, Javier Etayo eta Esteban Urtasun artistek egindakoa da. Horrela, Mikel Zabaletak, Kultura, Kirol eta Turismo Batzordean EH Bilduren bozeramaileak eta Legebiltzarreko Mahaiko bigarren idazkariak “honako erakusketa ukatzeak suposatzen duen zentsura ideologikoa” salatu du. “UPNk eta PSNk irudi-bilduma hau Nafarroako Parlamentuaren atarian erakustea eragotzi egin dute, hain zuzen, gure historiako gertaera garrantzitsu bat gogorarazten duen bilduma, 1893-94an izan zen Gamazada. Lehenik eta behin, gertaera horri buruzko bineta historiko baten ustezko begirune instituzional falta argudiatu zuten eta, hori aldatzeko aukera eskaini zenean, auretik beste erakusketa batekin egin bezala, onartu zuten Gamazadaren erakusketan egiten zen interpretazioa ez zela beren gustukoa”, adierazi du.

Halaber, Zabaletak adierazi duenez, “proposamen artistikoak indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen zituen”. “Hain zuzen, Kultur Atrio erakusketa-proiektua abian jarri zenetik ukatzen den lehen erakusketa da”, gaineratu du.

Orain, Kultur Atrioko arauak aldatzea proposatzen da, “eta horrek, aurrerantzean, begirune instituzionalaren aurkakoak direla argudiatuz, berriz ere erakusketak ukatzea ahalbidetuko du”, kritikatu du Zabaletak. “Orain arte ez zegoen arrazoi hori Nafarroako Parlamentuaren atarian erakusketak hartzeko eskatutako baldintzetan, eta proiektuaren izaera bera aldatzen du; izan ere, horrek erabaki subjektiboak hartzera eraman dezake, arrazoi politiko hutsengatik erakusketak ukatzera”. Ildo horretan, Zabaletak aldeztu du Kultur Atrio proiektua 2016. urtean helburu argi batekin sortu zela: “herritarren presentzia erakundeetan burutzea, Parlamentuko ataria euren artea ezagutarazteko kultura-espazio handirik eskura ez duten pertsonendako irekiz”.

Proposamenak ikusita, EH Bildu Nafarroak honako proposamen hau egin du Kultur Atrioko araudia aldatzeko: “Kultur Atrio proiektua Nafarroako gizarteari, bere artista eta sortzaileei, Nafarroako Parlamentuko ateak irekitzeko ariketa dela kontuan hartuta, erakusketak baimentzeari edo ukatzeari buruzko erabakia hartzean, Parlamentuko Mahaiak eskaera egiten dutenen adierazpen artistikoa eta sortzeko askatasuna bermatu beharko ditu”.

Kultur Atrio programaren araudia aldatzeko proposamenak Nafarroako Parlamentuko Mahaiak datorren astelehenean, azaroaren 20an, egingo duen bilkuran aztertuko dira. Hala, EH Bilduk espero du “proiektuaren izaerari eustea eta adierazpen askatasuna bermatzea”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a