Euskal Herriaren eta Nafarroaren gehiengoak NATOn sartzearen aurka bozkatu zuen egunean, nazioarteko gatazkak konpontzeko diskurtso militaristak gaitzetsi eta herrien arteko lankidetzan oinarritutako nazioarteko harremanak galdegin ditu Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako koordinatzaileak.
Gaur, 1986an bezala, berriro aldarrikatu nahi dugu Euskal Herriak, eta hemen zehazki, Nafarroak NATOri emandako ezezkoa. Euskal Herriak 86ko martxoko erreferendumean hartutako erabakiak indarrean jarraitzen du gaur egun ere. Estatuek nazioarteko gatazkak konpontzeko estatuek duten errezetak arma gehiago, gerra gehiago, heriotza gehiago izaten jarraitzen duenean, funtsezkoa da berriro ere ariketa demokratiko hura gogoratzea eta berrestea: NATOri ez, eta bakeari bai esatea. Eta, mehatxu armatuak bazter utzita, BAI esatea herrien arteko lankidetzan oinarritutako nazioarteko harremanei. Hori da EH Bilduk Europako Parlamentura eramango duen mezua. Ez dugu nahi Estatu Batuen interesen mende dagoen Europa bat, Ukrainan zein Palestinan bakearen alde funtzio eraginkor eta aktibo bat jokatzeko gai Europa baten alde gaude. Eta ozen esaten dugu: irtenbidea ez da etorriko gastu militarra handitzetik. Gerra gehiago ezin da inoiz gerra bat konpontzeko modua izan. Horregatik gaitzesten ditugu Ukrainaren okupazioa eta Palestinako herriaren genozidioa ere bai. Horregatik, diskurtso militaristen aurrean, Europako Parlamentuan behin eta berriz esango dugu gatazkak elkarrizketaren, diplomaziaren eta OSCE eta NBE bezalako erakundeen bitartekaritzaren bidez konpontzen direla.