Aurtengo maiatzeko udal hauteskundeetarako Lizarrako Udalerako bere zerrendaburua aurkeztu du EH Bilduk, Mikel Kolomo Gurbindo, hain zuzen. Lizarrako Santiago plazan burutu dute aurkezpena ostiral arratsaldean eta, Kolomorekin batera, Laura Aznal EH Bilduko presidentegaiak ere hartu du hitza. Ekitaldian, Koldo Leoz Lizarrako egungo alkatea bai eta alderdiaren beste kargu batzuk eta dozenaka lagun ere izan dira.
Kolomo “pozik eta gogoz” agertu da. “Ezkerretik lan egitera, Lizarrako pertsona guztiei aukera berdinak eskaintzeko lan egitera nator, herritarren zerbitzura jarriko den hiri-proiektu baten alde lan egitera”, esan du. Alkategaiak azken urteotan Udalak hirian garatu dituen proiektuak balioan jarri ditu eta iragarri du “lan handi horri guztiari jarraipena emateko” nahia duela. “Lankidetza, talde-lana eta kolektiboa funtsezko oinarria izan behar dira. Langileen eskubideen, genero-berdintasunaren, euskararen eta aldaketa ekosoziala bermatuko duen energia-trantsizioaren alde borrokatzen jarraituko dugu”, nabarmendu du.
Bestalde, Aznal, EH Bilduko Nafarroako presidente izateko hautagaiak, azpimarratu du “gazteriak bere ingurunearekin eta etorkizunarekin duten konpromisoa”. “Mikel Kolomo horren adibide ona da, EH Bildu herriz herri Nafarroa eta Euskal Herria bidezkoagoa, demokratikoagoa, euskaldunagoa eta feministagoa eraikitzeko udal-politikaren eta auzolanaren erronkan aurrera egiteko prest dauden gazte asko daudelaren erakusle”.
Era berean, Aznalek gogorarazi duenez, “Lizarra gure herriaren oroimen bizia da, baina oraina eta, batez ere, etorkizuna da, azken urteetan frogatu dugun bezala”. Hala, amaitzeko, eskerrak eman dizkio Koldo Leoz egungo alkateari, “azken urteotan Udaletik eta kalean egindako lan handiagatik, bai eta EH Bilduren Lizarrako proiektu ezkertiar eta subiranistaren aldeko ekarpena egin duten pertsona guztiei ere”.