Iruñerriko Mankomunitateko EH Bildu taldeak bere poza adierazi nahi du arratsaldean egindako batzarrean erakundearen aurrekontu berriak eta bere kudeaketa plana onartu izanagatik, lan ildo nagusiak markatzen dituen dokumentua. EH Bilduk horien alde bozkatu du, modu zehatzago batean jasota daudelako, eta etorkizunerako garrantzitsutzat jotzen ditugun eta eskualdeko pertsonen bizi-kalitatearekin eta ingurumenarekin zerikusia duten hiru gairi ematen zaielako garrantzia.
EH Bildurentzat garrantzitsua den lehenengo gaia Billabesasen gaueko zerbitzua berritzea da. Gai hau duela ia bi urtetik hona lantzen ari da hainbat kolektiborekin batera, besteak beste, kolektibo feministekin eta eskualdeko berdintasun-teknikariekin, eta horren emaitza izango da gaueko zerbitzua etxebizitzetara eta orain arte iristen ez zen eremuetara hurbiltzea. Genero kontuei erreparatuz, autobuserako sarbidea ere hobetuko dugu, hori baita mugikortasunerako bitarteko unibertsala, garraio publikoaren aldeko apustua indartuz. Gainera, EH Bilduk kudeaketa-planean sartzeko eskatu du, datorren urteko lehentasunetako bat izan dadin, hitzetatik ekintzetara pasaz.
Era berean, nabarmendu nahi dugu hondakinen egoera konpontzeko bidean aurrera jarraitzen dela. Hori da Mankomunitateak aurre egin behar dion gai larriena eta premiazkoena, eta, gure ustez, aurrekontu eta kudeaketa-plan honekin aurrera pausoak ematen jarraitzen da batzarraren gehiengoak babesten duen konponbide baterantz.
Bestalde, azpimarratu nahi dugu urteko kudeaketa-planean drainatze jasangarrien probak egiteko ere eskatu dugula, era horretako konponbideetan parte hartu nahi duten udaletan egiteko. Drainatze jasangarri horiekin euri-uren kudeaketa hobetu nahi da, ibaietara doazen jariatze-uren emaria eta kutsadura murriztuz, hiri-paisaia iragazkortuz eta azalera berdea handituz.
Azkenik, EH Bilduk garrantzitsutzat jotzen ditu beste gai batzuk ere, aurreko legegintzaldian hasi zirenak eta aurrekontu hauekin aurrera jarraituko dutenak, hala nola Salesasen egoitza berria edo EHGren berrikuntza teknologikoa, garraio-txartelaren kargan hobekuntza garrantzitsuak ahalbidetuko dituena, besteak beste.