Albisteak

2026-11-06

Mahai Fiskalaren akordioa ospatu du EH Bilduk

Mahai Fiskalaren akordioa ospatu du EH Bilduk NAFARROA

Indar aurrerakoien arteko Mahai Fiskalaren akordioa ospatzen dugu, borondate politikoa dagoenean, fiskalitatea benetan gehiengo sozialaren zerbitzura jartzen dela erakusten duen akordioa.

EH Bildutik lehentasun oso argiekin jo dugu negoziazio honetara, eta gaur pozik esan dezakegu gure proposamenak azken testuan islatuta daudela.

Lehenik eta behin, aurreko asteko aurrekontu akordioan jada sinatu genituen konpromisoei erantzutea lortu dugu, hala nola pentsio duinetan aurrera egitea, 1.190 eurorekin 14 ordainsaritan. Eta gainera, etxebizitza jarri dugu eztabaida fiskalaren erdigunean. EH Bildurentzat hori justizia sozialaren eta politika publikoekiko koherentziaren kontua da: ezin du berdin tributatu etxebizitza bat bizitzeko erosten duenak eta espekulatzeko etxebizitzak erosten dituenak.

Ondare Eskualdaketen gaineko Zergaren erreformarekin fiskalitate bidezkoagoa eta progresiboagoa ezarriko da, ohiko etxebizitza eskuratzea erraztuko duena eta espekulazio helburuekin bereganatzea zailduko duena. Horretarako, egungo % 6ko tasa bakarrarekin amaitzea planteatzen da, EITan dagoena, ohiko etxebizitza eskuratzen dutenentzako zerga murriztuz eta etxebizitzak metatzen dituztenentzako tributazioa progresiboki handituz, % 15eraino.

Fiskalitateak bizitokien krisiari erantzun behar dio, aberastasunaren kontzentrazioa geldiarazi behar du eta larrialdi klimatikoari aurre egin behar dio. Akordio horrekin, Nafarroak aurrera egin du eta bere jendearen eskubideak aurrera doaz.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a