Azaroaren 29ko Kongresurako eta Senaturako Nafarroako hautagaiek solasaldi batean parte hartu dute, ‘Zer dugu jokoan? 'izenburupean, eta Espainiako hurrengo hauteskunde orokorretan Nafarroaren subiranotasuna indartzen eta eskubideak zabaltzen jarraitzeko beharra defendatu dute.
Eneka Maiz, EH Bilduren Kongresurako hautagaiak, eta Floren Aoiz, Senaturako hautagaiak, solasaldi bat mantendu dute gaur arratsaldean Iruñean, azaroan bertan egingo diren hauteskundeetan Nafarroak izango dituen erronken inguruan. Iruñeko San Frantzisko ikastetxe publikoan egindako hitzaldiak ‘Zer dugu jokoan? 'titulua jaso du eta Bakartxo Ruizek moderatu du, 2011tik 2023ra Nafarroako Parlamentuan EH Bilduko bozeramaile izandakoak.
Eneka Maiz Kongresurako hautagaiak nabarmendu du hauteskunde ziklo honetan jokoan dagoena Nafarroak gaur egun bizi duen ibilbide orria eta ziklo politikoa dela. “Bloke errakzionarioak ez ditu bere helburuak ezkutatzen, nafarren erabakitzeko ahalmena kaltetu nahi dute, herritarren interesen aurka”, defendatu du orain foru parlamentaria den hautagaiak.Adibide bat jarri du: “gaur bereziki, Nafarroan adostutako arau fiskal berriak goraipatu behar ditugu. Alderdi aurrerakoien akordioaz, errenta, pentsioak eta etxebizitzaren gaineko zergak hobetu ditugula”. Maizek ere “bidegurutze historiko batean gaudela adiera zi du, “guk gure jarrera argi daukagu: gure amaren eta alaben etxea defendatuko dugu, eskuin muturrari atea itxiko diogu eta eskubide sozialak zabaltzen jarraitzeko leihoa irekiko dugu”.
Maizekin batera, EH Bilduren Senaturako Nafarroako hautagai den, Floren Aoizek, ere hartu du hitza eta azpimarratu duenez, “munduak datozen urteetan hartuko duen norabidea dago jokoan, baina historia ez dago aldez aurretik idatzita”. Hautagaiak adierazi duenez, datorren hauteskunde zikloan jokoan dagoen partida mundu mailan jokatzen da. “Bloke erreakzionarioa indarra galtzen ari da planetako hainbat lekutan: Trumpek porrot egin du agintaldi erdiko hauteskundeetan, eta Serbian zein Brasilen agerian geratu da beste bide bat hartzea posible dela”. Horren aurrean, Aoizek adierazi du EH Bildu hurrengo hauteskundeak irabaztera aterako dela. “Partida dago, beraz, eta kaleetan eta hautestontzietan jokatuko dugu, greba orokorrean, hilaren 14an Bilboko manifestazioan, eta azaroaren 29an, hau bezalako hauteslekuetan”, adierazi du.