Albisteak

2020-06-23

Lizarrako Erditze Zerbitzua berriro irekitzeko eskatu du EH Bilduk

Lizarrako Erditze Zerbitzua berriro irekitzeko eskatu du EH Bilduk NAFARROA

EH Bildu Nafarroak Santos Indurain Osasun kontseilariaren agerraldia eskatu du Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitaleko Erditze Zerbitzua berriro irekitzeko eskatzeko.

Txomin Gonzalez EH Bilduko foru parlamentariak salatu duenez, "osasun agintaritza Osasun Ministerioan zentralizatzeko erabakiak eraginkortasun gabezia ugari eragin ditu, besteak beste, pandemiari aurre egiteko behar den materialaren erosketen kudeaketa txarra, langileentzako babes ekipoak, maskarak, eskularruak, ekipamendu teknikoa eta arnas aparailuak, horien artean".

Gonzalezek, Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeko EH Bilduren bozeramaileak, gaitzetsi egin du Osasun Departamentuak "COVID-19ren pandemiari aurre egiteko estrategia eraginkorra mantentzeko ardura bere gain hartu ez izana". "Departamentuak jarraipen akritikoa izan du Ministerioaren erabakiei dagokienez; Nafarroako osasun sistema publikoaren gainkarga bai eta langileen lan baldintza eskasak eta langileen eta gaixoen osasuna bermatuko zuten prebentzio neurrien falta ere eragin zutenak", kritikatu du parlamentariak.

García Orcoyen Ospitaleko Erditze Zerbitzua pandemiaren hasieran itxi zen, COVID-19ren laguntza-zirkuitu babestua bermatzea ezinezkoa zelako. Hala ere, Gonzalezek adierazi duenez, "hilabete batzuk igaro dira, eta uste dugu denbora nahikoa izan dela Erditze Zerbitzua berme guztiekin berriro irekitzeko antolaketa-neurriak hartzeko". "Departamentuak itxiera horri eustea eta Lizarrako Ospitalea Erditze Zerbitzurik gabe modu iraunkorrean uzteko aukerak kezkatzen gaitu", adierazi du.

Ildo horretan, EH Bilduko parlamentariak adierazi duenez, “ez dugu onartuko COVID-19ren pandemia aprobetxatuz, eskualdeko ospitaleetan osasun zerbitzuak murriztu nahi izatea, 2012ko krisian Tuterako eta Lizarrako ospitale-laborategien zentralizazioarekin egiten saiatu ziren bezala". "Hain zuzen, pandemia honetan diagnostiko-testak egin ahal izateko funtsezkoak izan diren laborategien zerbitzuak", gaineratu du Gonzalezek.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a