Albisteak

2021-08-04

Leitzan eta gainerako landa-eremuetan garraio publiko duina bermatzeko eskatu dio EH Bilduk Foru Gobernuari

Leitzan eta gainerako landa-eremuetan garraio publiko duina bermatzeko eskatu dio EH Bilduk Foru Gobernuari NAFARROA

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak mozio bat erregistratu du eta, horren bidez, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “behin betiko eta egiturazko konponbidea” eman diezaiola Leitza eta bere inguruko garraio publikoari “egungo legegintzaldia amaitu baino lehen zerbitzua emateko lizitazioa eginez”.

Leitzari eragiten dion hiriarteko garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko uda honetatik aurrera ezarri den “behin-behineko konponbidearen aurrerapena” baloratu du EH Bilduk. EH Bilduren ustez, “herritarren zerbitzua eta eskubideak hobetzeko urrats bat da, zalantzarik gabe”.

Hala ere, defendatu duenez, “beharrezkoa da arazo horri irtenbide egonkor eta behin betikoa ematea, zerbitzuaren emakida behingoz lizitatuz”. “Urte asko dira aurreko emakida iraungi zenetik eta, azken sei urteetan, Nafarroako Gobernuak askotan adierazi dio Udalari pleguak argitaratzear daudela, esleipen-prozesua martxan dagoela, etab. Baina urteak igaro dira eta ez da zerbitzu berria esleitu”, kritikatu dute EH Bildutik.

Pasa den ekainaren 29an, Leitzako Udalaren ordezkaritza bat izan zen Nafarroako Parlamentuan, “Leitzako eta bere eskualdeko garraio publikoaren zerbitzuaren gabeziak eta bertako herritarrei bere egunerokoan eragiten ari zitzaizkien zailtasunak” azaltzeko. Ildo horretan, EH Bilduren esanetan, “zerbitzu txar batek zuzenean eragiten die landa-eremuaren despopulazioari, iraunkortasunari, genero-arrakalari edo adineko pertsonen autonomia-ezari”.

Hori dela eta, “despopulazioari aurre egiteko estrategiarekin bat etorriz”, EH Bilduren ustez, “mugikortasun eta irisgarritasunerako eskubidea bermatzeko, erabateko lanketa egiteko, eskaerak aztertzeko eta emakidak berritzeko unea da”.

Horrela, Leitzan garraio publikoaren emakida berri bat eskaintzeko eskatzeaz gain, EH Bilduk erregistratutako mozioan, Foru Gobernuari hurrengoa ere eskatzen dio: “tokiko erakundeekin batera, herritarren beharrak ezagutu eta erantzuteko Nafarroako landa-eremuetan eta eskualdeetan hiriarteko garraio publikoari dagokionez, eta zerbitzuaren emakidak ahalik eta lasterren berritzeko”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a