Albisteak

2023-02-03

Laura Aznalek “seriotasuna eta zorroztasuna” eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari osasun-krisiari aurre egiteko

Laura Aznalek “seriotasuna eta zorroztasuna” eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari osasun-krisiari aurre egiteko NAFARROA

EH Bilduk Osasun Departamentua premiatu du “sindikatuekin neurriak hartzera Osasunbideko benetako arazoei aurre egiteko, herritarren arreta hobetzeko eta profesional guztien lan-baldintzak hobetzeko”

Laura Aznal Sagasti EH Bilduren Nafarroako presidentegaia “kezkatuta” agertu da Osasunbidean bizi den egoeragatik. Izan ere, hainbat greba deitu dituzte, “langile guztien artean ezinegona dagoela, baita errekamaran utzi den hainbat arazo dagoela ere erakusten duena”.

Aznalek adierazi du “Osasun Departamentua ez dela gai izan orain arte egoera horri behar den seriotasunez eta zorroztasunez heltzeko”, eta berretsi du “unea dela sindikatu guztiekin negoziazioak hasteko ezarritako negoziazio-esparruetan, eta proposamen zehatzak helarazteko talde parlamentariooi, azter ditzagun; izan ere, neurri horiek, aurrekontu-gehikuntzak aurreikusten badira, Parlamentuan onartu beharko lirateke”.

Era berean, Aznalek ohartarazi duenez, “denbora amaitzen ari zaio Osasun Departamentuari, eta honako egoerari entzuketatik eta solaskide guztiekin hitz egiteko ikuspegitik heldu behar diola”. Hala, faltan bota du EH Bilduk Osasun Departamentuarekin izan dituen harreman eta bileretan “ibilbide-orri argirik ez azaltzea, proposamen kuantifikatuekin eta horiek gauzatzeko beharrezko tresna normatiboekin”.

EH Bilduren hautagaiak, hala ere, ontzat jo du Osasun Departamentuak langile fakultatiboei esklusibotasuna kentzeko aukera berriz planteatu izana, alderdi politikoak aurretik jada adierazi bezala, “akats bat izanen litzatekeelako eta osasun publikoan ondorio larriak izanen lituzkeelako”. Dena den, Aznalek berretsi du “beharrezkoa dela Osasun Departamentuak informazioa eta proposamen zehatzak egitea”, bere taldearen jarrera baloratu ahal izateko.

Amaitzeko, “herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko eta profesional guztien lan-baldintzak jorratzeko irtenbideak bilatzeko prest dagoela” adierazi du. Aznalek gogorarazi duenez, bere taldetik, aurrekontu-akordioaren bidez, “Gobernuaren hainbat neurri eta konpromiso bultzatu ditugu, besteak beste, karrera profesionala zabaltzea eta profesionalak kontratatzeko bost milioi euro ezartzea, bereziki Lehen Mailako Arretan”. Hala, “ildo horretan lanean jarraitzeko prest” daudela ziurtatu du.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a