Laura Aznalek, Nafarroako Parlamenturako EH Bilduren hautagaiak, Lerinen adierazi du bere alderdiaren lehentasunetako bat “Nafarroa osoaren lurralde kohesioa lortzea” izango dela, “despopulazioari eta biztanleria hiriguneetan pilatzeari aurre egiteko”. Horretarako, ezinbestekotzat jo du “eremu guztietako biztanleek kalitatezko zerbitzu publikoak izatea”.
Aznalek bere hitzartzean adierazi duenez, “herritarrek hautematen duten narriadura-prozesu baten aurrean eta eredu zaharkitu baten aurrean, beharrezkoa da gure osasun-sistemari buelta ematea”. Hala, “landa-eremu guztietan osasun-arreta duina” bermatzeko beharra nabarmendu du, “profesional nahikoa izango duena, Lehen Mailako Arreta eta arreta pediatriako ekitatibo eta irisgarria, eta adineko pertsonentzako kalitatezko arreta soziosanitarioa”.
EH Bilduko hautagaiak adierazi duenez, “legegintzaldi honetan zerbitzu publikoak, bereziki osasuna eta zaintza sistema”, beren “lehentasunetako bat” izan direla, eta “hala erakutsi dugu aurrekontu akordioetan”. Gogorarazi du EH Bilduk “arazoak konpontzeko neurriak eta baliabide gehiago” bultzatu dituela “profesionalak kontratatzeko, itxaron-zerrendei aurre egiteko eta osasun zentroetako inbertsioak egiteko, bai eta etxez etxeko arreta zerbitzua arratsaldeetara eta asteburuetara zabaltzeko ere”. Ildo horretan, Osasunbidean “behar diren aldaketak gauzatzeko konpromisoa” berretsi du, eta esan du horiek gauzatzeko “are erabakigarriagoa” izango dela bere taldea hurrengo legegintzaldian.
Azkenik, ziurtatu du “funtsezko helburua osasun-sistema osoa berrantolatzea” dela, “Osasunari buruzko Foru Lege berri bat eginez, finantzaketa nahikoa izan dadin eta Lehen Mailako Arreta sistemaren erdigunean jar dadin”. Horretarako, “EH Bilduren proposamenez Parlamentuan eratutako batzorde berezian egindako lanari esker, oinarriak jarri” dituztela adierazi du, eta lan horrek hurrengo legegintzaldian “fruituak” ematea espero duela adierazi du.