Albisteak

2023-04-22

Laura Aznalek “Esako eremuan segurtasuna bermatzeko” exijitu die Estatuko eta Nafarroako gobernuei

Laura Aznalek “Esako eremuan segurtasuna bermatzeko” exijitu die Estatuko eta Nafarroako gobernuei NAFARROA

EH Bilduko Nafarroako Gobernurako presidentegaiak alderdi politikoaren Zangozako Udalerako hautagaitzaren aurkezpenean parte hartu du, Miguel Erdozain zerrendaburu duena

Laura Aznal EH Bilduk Zangozan burututako ekitaldi politiko batean parte hartu du larunbat honetan, zeinean eskerrak eman dizkion aurreko udal-taldeari, Rober Matxin buru duena, “azken urteotan oposizioan zein azken legegintzaldian gobernu-taldean egindako lan handiagatik”. Halaber, pozik agertu da “Miguel Erdozain hautagaia buru duen talde berriak dakarren ilusioagatik, energia berrituagatik eta haize freskoagatik. Talde honek hazten jarraitzeko asmoa du eta indar erabakigarria da eskuinaren ordezko udal-gehiengoa eratzeko”.

 

Bere hitzartzean, EH Bilduko Nafarroako Parlamenturako hautagaiak salatu egin du Esako urtegiaren egoera “Damoklesen ezpata” dela herri eta eskualde osoko herritarrentzat. Hala, adierazi duenez, “beharrezkoa da Esako urtegiaren segurtasunaren inguruan Estatuko eta foru erakundeen jokaera salatzen jarraitzea. Zangoza ezin da bizi presaren hegaletan gerta daitezkeen mugimenduen mehatxupean”.

 

Aznalen arabera, “azterketa eta txostenek berretsi egin dute eskuineko hegala hautsita dagoela, oraindik ere mugimenduak daudela eta ezin dela bertako populazioaren segurtasunarekin jolastu, urtegia betetzearekin esperimentuak eginez egonkortasuna bermatuta ez dagoenean”. Egoera horretan, honako hau eskatu du: “hazkundea geldiaraztea eta lortu nahi den kotara ez betetzea, harik eta arriskurik ez dakarrela erabat ziur egon arte. Horrez gain, behar bezain gardena izan behar du jakiteko zer kostu erreal izan dituen aurrekontuan laukoiztu den eta oraindik segurua ez den obra batek”.

Azkenik, hautagai subiranistak azpimarratu du “Esako urtegiaren eta inguruen segurtasuna erabateko lehentasuna duen gaia” dela. Horregatik, bere alderdi politikoaren “konpromisoa” erakutsi du, “inguruko biztanleekiko segurtasuna eta ongizatea bermatzeko”, eta, beraz, lanean jarraituko dute “eskura ditugun baliabide guztiekin eta erakundeen eremu guztietan”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a