Albisteak

2023-04-26

Laura Aznalek datorren legegintzaldian “berdintasun politiketatik benetako politika feministetara jauzi egitea” proposatu du

Laura Aznalek datorren legegintzaldian “berdintasun politiketatik benetako politika feministetara jauzi egitea” proposatu du NAFARROA

EH Bilduren Nafarroako presidentegaia Kataluniako Generalitateko Berdintasun eta Feminismoetako kontseilari eta ERCko kide Tània Vergerekin bildu zen politika feministen inguruko hausnarketak eta proposamenak partekatzeko

EH Bilduk politika feministekin duen “konpromisoa” berretsi zuen atzo Laura Aznalek. Hala, adierazi zuen datorren legegintzaldirako “lehentasunetako bat izan behar duela berdintasun-politiketatik politika feministetara jauzi egitea, dimentsio osoan eta zeharka politika guztietan”. Horretarako, bere ustez, “departamentuen eta gainontzeko erakundeen arteko lana ongi antolatu eta indartu egin behar da”.


Bide horretan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egiten dituen politikei bultzada emateko beharraz “jabetuta” agertu zen eta, horretarako “progresiboki aurrekontua handitu behar da, dagoeneko badaukagun legedia eta araudi aurreratua garatu ahal izateko”. Aznalek “giza baliabide eta baliabide material nahikoak” aldarrikatu zituen “Nafarroako administrazio publiko guztiak inplikatuko dituzten proiektuak eta ekintzak gauzatzeko, indarkeria matxistei aurre egiteko eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko, baita LGTBI+ pertsonentzako eskubide guztiak lortzeko ere”. Horretarako, “tokiko zaintza-itunei bultzada berezia emateko konpromisoa” hartu zuen.


EH Bilduko hautagaiak “oso aberasgarritzat” jo zuen Tània Vergerekin izandako bilera, Generalitatetik politika feministetan egiten ari den ibilbide-orria azaldu baitzion. Berarekin, “egiturazko genero-desberdintasunak gainditzeko hausnarketak eta proposamenak” partekatu zituen, eta bat egin zuten “justizia sozialean sakondu, pertsona guztientzako bizi-baldintza duinak bermatu eta pertsona guztiek zainduak izan eta zaindu ahal izateko duten eskubidea bermatuko duten zerbitzu publiko eta komunitarioak indartzeko” beharrarekin.
 

Ildo horretan, Aznalek adierazi zuen biek argi dutela “politika feministak esparru guztietan egiteko hautua”, bestela “berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako legeek adabaki hutsak izaten jarraituko baitute”. Eta, adierazi zuenez, “oso kontziente gara indar ezkertiar eta aurrerakoiek gizarte desberdin bat eraikitzeko dugun erantzukizunaz, benetan pertsonengan eta bizitzaren jasangarritasunean eta zaintzan zentratuko dena, merkatuen eta eliteen interesen gainetik”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a