EH Bilduren Nafarroako Gobernuko presidentegai Laura Aznal astelehen honetan Bortzirietako eta Malerrekako alkateekin bildu da, “eskualdean kezka gehien sortzen duten gaiak aztertzeko, besteak beste Lehen Arretako profesionalen faltagatik bizi duten egoera larria”.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Aznal “kezkatuta” agertu da, “egoera kroniko bihurtzen ari baita”. “Bortzirietan, sei familia-mediku eta bi pediatra egon beharko lirateke, baina gaur egun lau mediku baino ez daude. Urte hasieratik kontsulta presentzialak zentralizatuta dituzte Lesakako osasun zentroan, eta mediku batek etxez etxeko bisitak eta zaharren egoitzak hartzen ditu”.
Aznalek nabarmendu duenez, “EH Bildun kezka izan dugu gai honen inguruan legegintzaldi osoan zehar, eta hainbat ekimen aurkeztu dugu konponbidea bilatzeko; esaterako, Gobernuarekin sinatutako aurrekontu-akordioetan jasotako neurriak, eremu horretan osasun-plantillak bermatzeko baliabide ekonomikoak bideratzeko”. Zehazkiago, “azken aurrekontu-akordioan, gure ekarpenari esker, 5 milioi bideratu dira Lehen Arreta indartzeko, langileen kontratazioen kopurua handituz”, gaineratu du.
Ildo horretatik, Aznalek ohartarazi duenez, “akordio horiek betetzen diren zain egongo gara, egoera jasanezina bihurtzen ari baita”. “Osasun Departamentuaren plangintza falta azaleratzen du egoera honek, bai langileena bai azpiegiturena. Hori guztia, Nafarroako Gobernuak eta Sindikatu Medikoak arazo larri horiek konponduko ez dituzten esklusibotasuna ezabatzea bezalako neurriak negoziatzen dituzten bitartean”, kritikatu du.
Era berean, EH Bilduko hautagaiak “balioan” jarri du Lesakako NA-4000 saihesbidea egiteko erabiliko diren Estatuko Aurrekontuetako 3.75 milioiko partida. “Gure taldeak Madrilen partida sartzea lortu zuen eta ibilgailuen zirkulazioa hirigunetik aterako du azkenik”, defendatu du. “885.000 euro dira Berako NA-121 saihesbidea amaitzeko, eta beste 100.000 euro NA-4410 eta NA-130 saihesbideen bigarren eta hirugarren fasea herri berean hasteko”.