Nafarroako Gobernuko presidentetzarako hautagaiak, Laura Aznalek, “lehen sektorearekin lotutako tokiko ekonomia eta garapena” aldarrikatu ditu, “elikagai-sistema iraunkorrago eta bidezkoago baterantz urratsak egiteko” . Aznalek Andosillan egin ditu adierazpen horiek, igande honetan herrian egindako jardunaldi gastronomikoa dela eta.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Aznalek adierazi du “orainaldi eta etorkizun hobeak bermatu behar zaizkiela lehen sektorean lan egiten duten pertsona guztiei, oso egoera zailean ari baitira, eta horiek bermatzen digutelako elikadura osasungarria eta gertukoa”. “Horregatik, hurrengo legegintzaldian, ezinbestekoa da ahalegin berezia egitea sektore horri laguntzeko eta elikagai-ereduan ere jasangarritasunaren bidean aurrera egiteko”, nabarmendu du.
Era berean, presidentegaiak “klima aldaketaren ondorioez” ohartarazi du, “Nafarroako nekazaritzan pairatzen ari garen lehortea bezala”. Hala, adierazi du “uraren kudeaketa, edozein egoeratan garrantzi handikoa, lehentasunezko gai bihurtzen dela klima-aldaketaren ondorioak arintzeko”. “Horregatik, ura kudeatzeko agentzia publiko bat sortzea planteatzen dugu, eta erakunde berean uraren eta energiaren kudeaketa batzeko aukera aztertzea”, adierazi du Aznalek.
Ildo horretatik, amaitzeko, Aznalek aldarrikatu du “legealdi honetan onartutako Klima Aldaketaren eta Energia Trantsizioaren aurkako Foru Legea anbizio osoz garatzeko beharra”.