Albisteak

2023-05-04

Laura Aznal: “Gure proposamenak gehiengo sozialen aldeko akordioak lortzeko tresna dira”

Laura Aznal: “Gure proposamenak gehiengo sozialen aldeko akordioak lortzeko tresna dira” NAFARROA

Autogobernua, gizarte- eta lurralde-kohesioa, eta klima- eta energia-larrialdiarekiko anbizio handiagoa dira EH Bilduren ildo nagusiak hurrengo legegintzaldirako

Nafarroako Gobernuko presidentegaiak, Laura Aznalek, jakinarazi duenez, EH Bilduren hurrengo legegintzaldirako lehentasunen helburua da “politika publikoen benetako eraldaketa bultzatzea, herritarren eta lurraldearen beharrak erdigunean jartzeko”. Era berean, “berdintasunik ezaren aurrean herritarrei alternatibak eskaintzea, zerbitzu publikoak blindatuz eta zabalduz” eta “Nafarroako gizartearen beraren gaitasun eta indar eraldatzailea aktibatzea”.

Alderdiaren hauteskunde-programaren ildo nagusien aurkezpenean, EH Bilduren presidentegaiak bera alderdiak azken urteotan egindako lana balioetsi du, “zerbitzu publikoak indartzeko eta gizarte-gehiengoei mesede egingo dieten eta aurrean ditugun erronkei aurre egingo dieten beharrezko aldaketak aurrera eramateko”. “Orain jauzi bat eman behar dugu etorkizuneko Nafarroa bidezkoagoa, demokratikoagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzeko, eta, zalantzarik gabe, hurrengo legegintzaldia funtsezkoa izango da etorkizuneko erronkei berme osoz aurre egiteko”, esan du.

Aznalek adierazi duenez, “gaur egungo testuinguruan, inoiz baino beharrezkoagoa da asmo handiko proposamenak egitea benetako alternatiba bat eraikitzeko, eta EH Bildun proiektu politiko bat dugu gaurko eta etorkizuneko Nafarroarentzat, konpromisoak adina erronka dituena”.

Ildo horretatik, Aznalek adierazi du ardatz nagusietako bat “autogobernu handiagoa duen Nafarroa” dela. “Nafarroako gizartea erabakitzeko subjektu politikoa da eta haren etorkizunaren jabe izan behar duela uste dugu. Nafarroako gizarteak behar dituen politika guztiak aurrera eramateko eskumen eta tresna gehiago izan nahi ditugu. Horrek esan nahi du egutegi bat ezarri behar dela eskumenak berreskuratu eta gauzatzeko. Bai eta gure esparru juridikoari eta LORAFNAri buruzko benetako eztabaida politiko eta soziala irekitzea ere eskatzen du”, adierazi du.

Halaber, EH Bilduk “gizarte- eta lurralde-kohesio handiagoa” eskatu du Nafarroarentzat. “Horrek esan nahi du eskubideak zabaldu eta kalitatezko zerbitzu publiko eta komunitarioak bermatu behar direla lurralde osoan. Gure osasun-sistema publikoa berrantolatu behar dugu, Oinarrizko Lehen Arreta sendo batean oinarrituta; zaintzaren arloan, zerbitzu publiko berriak zabaldu eta sortu behar ditugu, pertsona guztiek zaindu eta zainduak izateko duten eskubidea bermatzeko; mugikortasun iraunkorra eta bidezkoa bermatzea; lana eta aberastasuna banatzeko eredu berri baten alde lan egitea; etxebizitza duina izateko eskubide eraginkorrean aurrera egitea; gure hizkuntza-aniztasunaren eta kultura-aniztasunaren kudeaketa inklusibo eta demokratikoaren alde; politika feminista batzuen alde.

Azkenik, Aznalek nabarmendu du “klimaren eta energiaren larrialdiaren aurrean anbizio handiagoko Nafarroa” behar dugula. Hala, azaldu duenez, “beharrezko trantsizio energetiko eta ekologikoa gauzatu nahi dugu, espekulazio-ereduari aurre egingo dioten irizpide zuzen eta demokratiko batzuen gainean; energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatu nahi ditugu, hainbat mailatan, parte-hartze publiko eta komunitarioarekin eta herritarrentzako arrazoizko prezioekin”.

 

Ziur gaude gure proposamenak akordioak lortzeko tresna direla”

Nafarroako presidentegaiak ziurtatu duenez “oso argi ditugu Nafarroak behar dituen lehentasunak eta aldaketak”, eta sinetsita dago “gure proposamenak gehiengo sozialek partekatzen dituztela, interes orokorrari erantzuten diotelako eta pertsonen eskubideak erdigunean kokatzen dituztelako, eta arlo publikoaren eta gure energia komunitarioaren potentzial guztia aprobetxatu nahi dutelako”.

Hori dela eta, Aznalek aldeztu duenez, “gure proposamenak beste eragile politiko eta sozial batzuekin akordioak lortzeko tresna dira, behin betiko eskuinaren politikak alde batera utzi eta herritar guztiei mesede egingo dietenak”. “Hori erakutsi dugu Nafarroan eta Estatuan, eta aurrera egiteko konpromisoa dugu”, azpimarratu du.

 

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a