Laura Aznal Nafarroako Gobernuko Presidentetzarako EH Bilduren hautagaiak aldarrikatu du “Nafarroa osoan hizkuntza-eskubideen aldeko urrats zehatzak emateko premia”. Hala adierazi du Aznalek astelehen honetan Naiz Irratiari eskainitako elkarrizketa batean. Elkarrizketa horretan, hizkuntza-eskubideen arloan jarrera hartzeaz gain, zerga-politikei, osasunari, despopulazioaren aurkako neurriei, etxebizitzari eta abarri buruz hitz egin du.
Hala, Aznalek onartu duenez, “legealdi honetan zailtasunak egon dira hizkuntza-eskubideen arloan aurrera egiteko”, eta bere kezka agertu du “Nafarroako Gobernua osatzen duten indarren determinazio faltagatik, pertsona guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta Euskararen 2. Plan Estrategikoa onartzeko urrats sendoak ematerakoan”.
Ildo horretatik, presidentegai subiranistak nabarmendu duenez, “legealdi honetan euskararen alde egindako urrats asko EH Bilduk foru Gobernuarekin erdietsitako aurrekontu-akordioei esker eman dira”. “Euskararen normalizaziorako estrategikoak diren sektoreei laguntzeko neurriak bultzatzea lortu dugu, hala nola hedabideentzako laguntzak, euskararen aldeko tokiko politikak eta helduen ikaskuntzarako neurriak”, esan du Aznalek.
Aznalek adierazi duenez, “hurrengo legegintzaldirako erronka nagusietako bat da helduen euskarazko ikaskuntzaren eta alfabetatzearen doakotasuna bermatzeko behin betiko urratsa ematea, legegintzaldi honetan EH Bilduk bultzatu duen bidetik”. Halaber, berretsi egin du “ikasle guztiek gutxieneko euskara-maila izateko eskubidea bermatuko duen hezkuntza-sistemaren alde” egindako apustua.
Azkenik, “hizkuntza-zonifikazioa gainditzeko eta lurralde osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa” erakutsi du Aznalek.