Laura Aznalek berretsi egin du bere alderdiak “Nafarroan eskuindarren gehiengo alternatiboak sendotzeko egin duen apustua” eta, hautagaiaren arabera, EH Bildu “aurrera egiteko bermea” izango da.
Bere ustez, “beharrezkoa da beste era batera gobernatzea, jendearengan pentsatuz, eta horixe lehenetsi du EH Bilduk eragin politikorako gaitasuna izan duten erakunde guztietan”. Horretarako, azpimarratu du “beharrezkoa dela eskuinak politiken norabidea ez baldintzatzea, ez udal politiketan, ezta Nafarroako Gobernuan ere”.
Ildo horretan, gogorarazi duenez, “legegintzaldi honetan EH Bildurekin lortutako akordioek aurrerapausoak ekarri dituzte pertsonen bizi-baldintzetan, trantsizio ekologikoan bai eta osasun, etxebizitza eta politika sozial eskubideak zabaltzean ere”.
Horregatik, hauteskunde hauetan “asko dagoela jokoan” adierazi du, eta, gaineratu duenez, “maiatzaren 28an Nafarroako herritarrek hitz egingo dute eta hortik aurrera hitz egin beharko dugu”. Azkenik, EH Bildu “are indartsuagoa” izatea aldarrikatu du, “beste indar politiko batzuen tentazioen eta konplexuen mende ez egoteko eta gehiengo ezkertiar eta aurrerakoiak bermatzeko”.