Albisteak

2023-04-19

Laura Aznal: “EH Bilduren goranzko joera indar subiranista bezala gero eta nabarmenagoa da Nafarroan”

Laura Aznal: “EH Bilduren goranzko joera indar subiranista bezala gero eta nabarmenagoa da Nafarroan” NAFARROA

Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako presidentegaiak balioan jarri du alderdiak azken urteetan “bizi izan duen hazkundea”. “EH Bildu funtsezkoa izan da Nafarroan `gaztatxoen teoria´ hausteko. 78tik dago indarrean teoria hori, eta UPN-PSN botere politikoan mantendu du urteetan, gainerako indarrak baztertuz”, defendatu du Aznalek. Honako adierazpenak Andreu Pujol Mas eta Silvio Falcón Rodríguez idazleen ‘A la sobirania per l'esquerra’ liburuaren aurkezpenean egin ditu. Ekitaldia asteazken arratsaldean izan da, Katakraken (Iruñea), eta bertan, EH Bilduko presidentegaiarekin batera, liburuaren bi idazleak izan dira.


Liburuak ezkerreko subiranotasuna eta ERCk, BNGk eta EH Bilduk Espainiako Estatuan izan duten gorakadari buruzko azterketa egiten du. Aurkezpenaren solasaldian, Aznalek nabarmendu duenez, “EH Bildu oinarrizko tresna izan da eta bada 78 erregimenarekin hausteko eta Nafarroako gizarteak eskatzen dituen aldaketak eta transformazioak bultzatzeko. Erakutsi dugulako, EH Bildu dagoen tokian, jendearen eskubideak zabaltzen direla eta horrek zuzenean eragiten duela herritarren bizi-baldintzen hobekuntzan”.


Era berean, Aznalek azpimarratu du “ikuspegi orokorrago batetik begiratuta, Estatuan ezkerreko subiranismoek izan duten gorakada aukera bat” dela. “Estatua bidegurutze batean sartzen ari da, non aukerak autoritarismoa edo demokrazia diren, birzentralizazioa edo irekiera, emakumeen eta langileen eskubideetan atzerakada edo aurrerapen sozialak”.


Ildo horretan, Aznalek defendatu duenez, “ezkerreko subiranismoak batuta, eskubideak lortzen jarrai dezakegu, eta irekitako aukera-leiho horrek Estatuaren nazioaniztasuna indarrean jartzeko eta gure politika publikoak ezartzeko, autogobernua bermatzeko eta autodeterminazio eskubidea aitortzeko balio behar digu”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a