Albisteak

2023-03-12

Laura Aznal: “EH Bildu prest dago aurrera egiteko eta are determinanteagoa izateko datorren legegintzaldian”

Laura Aznal: “EH Bildu prest dago aurrera egiteko eta are determinanteagoa izateko datorren legegintzaldian” NAFARROA

EH Bilduk Nafarroako Parlamenturako hauteskunde zerrendaren aurkezpen ekitaldia ospatu du igande honetan, martxoaren 12an, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan. Alderdi politikoak zerrenda osatzen duten lehen 25 pertsonak bildu ditu, Laura Aznal foru Gobernuko presidentegaiarekin batera, eta hainbat udalerritako alkateak, EH Bilduko beste kargu batzuk, militanteak eta bilkideak ere bertaratu dira.
 

Laura Aznal zerrendaburuak hartu du hitza ekitaldian, eta bere hitzartzea hasi du esanez datorren legegintzaldia “funtsezkoa” izanen dela “aurrera egiteko eta aurrean ditugun erronka handiei aurre egiteko”. Hala, irmo adierazi du “erronka horiei aurre egiteko konprometituta eta prest dauden pertsonez osatutako zerrenda dugula Nafarroako Parlamenturako”. Aznalek balioan jarri ditu “zerrenda osatzen dugun pertsona bakoitzaren gaitasuna, konpromisoa eta ilusioa”. Nabarmendu duenez, “esperientzia eta berritzea oinarri hartuta, gutako bakoitzaren izaeraren, gure ibilbide politiko eta profesionalaren edo gure bizitza garatzen dugun Nafarroako eremuaren aniztasunetik, guztiok partekatzen dugu aurrera egiten jarraitzeko gaitasuna, konpromisoa eta ilusioa”.

Ildo horretan, Aznal ziur agertu da EH Bildu “determinantea izaten jarraitu ez ezik, are determinanteagoa izanen dela datorren legegintzaldian”. “Zalantzarik gabe, eskuinari eta bere politikei aurre egiteko alternatibaren funtsezko parte izaten jarraituko dugu. Ziur nago eraldaketa sakonak lortzeko bermea izanen garela, eta jauzi kualitatiboa emanen dugula”, defendatu du.

Era berean, “EH Bilduk negoziatzeko, akordioak lortzeko eta akordioak bete daitezen duen gaitasuna” nabarmendu du Aznalek. “Nafarroak trafiko-eskumena berreskuratzea funtsezkoa da autogobernuan aurrera egiteko”, adierazi du berriki iragarri den transferentziaren gauzatzeari erreferentzia eginez., “Nafarroako gehiengo sozial handiaren eskaera historikoa baita”. “Eskuinak aztoratuta ikusten ditugu, EH Bilduk lortzen dituen akordioak bete egiten direlako. Gu oso pozik gaude urte hauetan lortu ditugun akordioekin”, azpimarratu du.

Aznalek bere hitzartzean defendatu duen bezala, “EH Bildu prest eta konprometituta dago Nafarroak behar duen bultzadan lan egiteko, pertsonen beharrak politika publikoen erdigunean jar daitezen eta egungo zaintza sistema iraultzeko. Finean, gobernantza eredu berri bat bultzatzeko eta Nafarroaren burujabetzan urratsak emateko”.

Azkenik, “EH Bilduk politikarekin duen konpromisoa” berretsi du Nafarroako presidentegaiak. “Politika konbentzionala agortzen ari den une honetan, EH Bilduk herritik, herriarekin eta herriarentzat lan egiten jarraituko du, jendearen konfiantzari erantzuteko”, azpimarratu du.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a