Albisteak

2023-03-18

Laura Aznal: “EH Bildu akordioetara iristen denean, eskubideak irabazten dira”

Laura Aznal: “EH Bildu akordioetara iristen denean, eskubideak irabazten dira” NAFARROA

Alderdi politikoak datorren legegintzaldirako bere proposamen programatikoaren oinarria aurkeztu du larunbat honetan. Horren ardatzak kalitatezko zerbitzu publikoen bermea, gizarte- eta lurralde-kohesioaren aldeko apustua, energia-trantsizioa eta gobernantza demokratikoa dira

EH Bilduk bere hauteskunde-programaren oinarriak eta hurrengo legegintzaldirako lehentasunak aurkeztu ditu larunbat honetan. Ekitaldia Iruñeko Baluarten izan da, eta alderdi politikoaren dozenaka hautetsi bertaratu dira bai eta bilkideak ere. Ekitaldian, bere hauteskunde-proposamena lantzeko alderdi politikoaren ideia nagusiak gaika azaldu dituzte EH Bilduko hainbat kidek.

Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako presidentegaiak itxi du ekitaldia, hurrengo legegintzaldirako alderdiaren lan politikoak hartuko duen norabidean oinarritutako hitzartzearekin. Hala, Aznalek nabarmendu duenez, “premiazkoa da egoerak eskatzen duen mailako proposamen politikak egitea, politika publikoen benetako eraldaketa bultza dezaten”. “Urteetan Nafarroan sortzen ari den aldaketa sozial eta politikoa, bere zailtasun eta gorabeherekin, bestelako paradigma politiko bat eraikitzeko aukera da. Orain, etorkizuneko Nafarroa bidezkoagoa, demokratikoagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzeko jauzia egin behar dugu, eta hurrengo legegintzaldia funtsezkoa izanen da aurrean ditugun etorkizuneko erronkei berme osoz aurre egiteko”, nabarmendu du.

Aznalek EH Bilduren proposamena balioan jarri du, “alternatiba bat eraikitzeko behar den anbizioarekin, gaur XXI. mendeko Nafarroarako proiektu bati ekingo diogu, konpromisoak adina erronka dituena”, ziurtatu du. Ildo horretatik, alderdiak aurkeztu duen hauteskunde-proposamenaren hamaika konpromisoen hiru ardatzak ezagutarazi ditu.

Lehenik eta behin, Aznalek adierazi du proposamenak “Nafarroa osoan kalitatezko zerbitzu publiko eta komunitarioak bermatzera bideratuta daudela, bereziki osasungintzan, zaintzen eta hezkuntzaren arloan”. Bigarrenik, hautagaiak “eskubideak zabaltzeko beharra eta benetako gizarte- eta lurralde-kohesioaren aldeko apustu garbia, etxebizitza duina izateko eskubidean, hizkuntza- eta kultura-aniztasunean, politika feminista errealetan eta mugikortasun jasangarrian eraginez” defendatu du. Azkenik, Aznalek azaldu duenez, EH Bilduren proposamen programatikoaren hirugarren ardatzak aldarrikatzen du “beharrezkoa den trantsizio energetiko eta ekologikoa, irizpide bidezko eta demokratiko batzuen gainean, espekulazioari aurre eginez eta autokontsumorako eta herritarren partaidetzarako ereduak sustatuz”.

Presidentegaiak adierazi duenez, “EH Bilduk oso argi dauka zein diren Nafarroak behar dituen lehentasunak eta aldaketak”, eta sinetsita dago “beste indar politiko batzuekin akordioak eginen ditugula lehentasun horietan oinarrituta”. “Urteak daramatzagu zerbitzu publikoak eta jendearen bizi-baldintzak hobetu dituzten hitzarmenetan bidea irekitzen. Eta, bistan denez, EH Bildu akordioetan dagoenean, eskubideek eta pertsonek irabazten dute”, defendatu du Aznalek, EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin lortutako azken akordiori erreferentzia eginez, “pentsio apalenak, alarguntasunekoak eta kotizazio gabekoak egiturazko neurriekin duintzeko” balioko duena. “Hauek dira gure ekintzak eta lehentasunak”, adierazi du Aznalek.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a