EH Bilduk ekitaldi soziala egin du gaur Lesakan, Ladis Satrustegi Alzugaray Lesakako udal hauteskundeetarako zerrendaburua aurkezteko. Laura Aznal, Nafarroako EH Bilduko parlamentari eta presidentegaiak hartu du hitza ekitaldian. Satrustegi-rekin batera, alderdi subiranistako dozenaka kide eta kargu izan dira.
Satrustegik aurkezpen ekitaldian nabarmendu duenez, “ez da legealdi erraza izan, udal-taldea burubelarri lanean hasi eta handik gutxira, pandemia iritsi zen. Honek erabaki zailak hartzera behartu gintuen”.
Alkateak ziurtatu du “legealdi hau aldaketaren legealdia izan dela. Guretzat hasieratik lehentasun bat izan da Lesakarrei hurbildu eta herritarren parte-hartzea bultzatzea, hau da, Udala herriari irekitzea”. Satrustegik aitortu du seguraski gauza guztietan asmatu izan ez arren, egindako bidearekin oso pozik daudela.
Zentzu horretan, “legealdiaren balantzea egin eta datozen urteetarako erronkak identifikatzeari ekin diogu. Horretarako partehartze prozesu bat ireki eta 40 lagun baino gehiagoren iritziak , kezkak eta proposamenak jaso ditugu. Prozesu hau irekia da eta oraindik ez dugu bukatu”.
Satrustegik eskerrak eman dizkie legegintzaldian zehar lanean egon diren norbanako eta kolektibo guztiei eta herritarrak entzute ariketa kolektiboan parte-hartzera gonbidatu ditu.