EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak "COVID-19k Nafarroako kultur sektore osoan duen eraginaren indar berezia" nabarmendu du, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio lan-mahai bat sortzeko, eragile ezberdinen parte hartzeaerkin.
EH Bilduk azaldu duenez, "osasun-krisiak gogor jo du gure gizartearen esparru askotan, hildako ehunka pertsonarekin". Hala ere, koalizio subiranistak adierazi duenez, "krisiak eta horren ondorioek erakunde publikoen ekintza eta esku-hartzea eskatzen dute hainbat arlotan, eta kultur sektorea horietako bat da, zalantzarik gabe".
EH Bilduk prentsa ohar batean azaldu duenez, "bertan behera geratu dira ekitaldi kultural guztiak, eta horrek eragina izan du artisten, kultur sustatzaileen, auditorioen, aretoen eta sektoreko enpresen jardunean...". Hala, "uneotan Nafarroako Gobernuaren menpeko kultur ekipamendu gehienak itxi dira jendearentzat: museoak, artxiboak, liburutegiak (herritarrei ematen zaien arreta telefonikoa eta telematikoa salbatuz) eta abar". Era berean, "udarako aurreikusita dauden berezko kultur programa gehienak (Erriberriko Antzerki Jaialdia, Organo Zikloa, Lizarrako Antzinako Musika Astea, Erdi Aroko Ikasketen Astea…) airean daude, DNA gelditu da, Nafarroako Dantza Jaialdia, apirilean egitekoa zena...".
Ildo horretan, EH Bilduk adierazi du kultura "funtsezko elementua" dela "bai gizartearen eraketan, bai integrazioan eta garapenean ere". Horrela, 'COVID-19ren pandemiak eragindako krisiaren aurrean Nafarroako aktibo kulturalen adierazpena'-ri erantzunez, Talde Parlamentarioak publikoki eskatu dio Nafarroako Gobernuari Kultura Sektoreari Laguntzeko Premiazko Neurrien Plan bat egiteko. "Plan horren edukia eta irismenean kultur sektore desberdinek parte hartuko dute, eta Nafarroako sektore kulturalari laguntzeko neurri ekonomikoak, finantzarioak eta araudiak aktibatzea izango du xede".