EH Bildu Nafarroak Covid-19 birusak Nafarroan sortutako egoeraren azterketa egin du, eta bere oinarri sozial guztiarekin partekatu ditu egoerari buruzko irakurketa eta hainbat proposamen. EH Bilduk agiri hori bera helarazi dio Nafarroako Gobernuari, egungo egoerei aurre egiten laguntzeko bere ikuspegia eta proposamen eraikitzaileak aurkezteko. Foru Exekutiboak onartutako neurrietatik haratago, EH Bilduren ustez, "indar politiko guztien betebeharra da egungo egoera arintzen lagunduko duten ekimenak aztertzea eta planteatzea, herritarren kezkei eta premiei erantzuteko eta gizarte, lan eta ekonomia arloetan izango dituen ondorioei aurrea hartzeko".
EH Bilduren ustez, "bizitzen ari garen egoera honek agerian uzten ditu egungo sistemaren ahuleziak, zaintzetan zentratuta ez dagoen sistema bat, alegia; eta 2008ko krisiaren ondoren, oinarrizko zerbitzu publikoak ahuldu zituzten murrizketa-politikek ahuldu egin dutena, oinarrizko premien estaldura gutxi batzuen negozio-iturri gisa ulertzearen alde. Azkeneko horiek egoera hori iraultzeko ahaleginak egin arren, berriz ere agerian geratu da zaintzaren zerbitzu publikoak indartzen jarraitzeko beharra ".
Era berean, EH Bilduk salatu duenez, "berriro ere agerian geratzen ari dira egungo markoaren mugak, non erabaki asko Madrilen erabakitakoaren esku geratzen diren, eta joera hori areagotu egiten da Alarma Egoeraren deklarazioarekin. Kezkatzen gaitu une honetan Nafarroako Gobernuaren jarduna lehentasunezko esparruetan Espainiako Gobernuaren aginte bakarraren menpe geratzea, horrek ez baititu ez Nafarroako errealitatea ez berezko beharrak ezagutzen, bai eta salbuespenezko egoera hori baliatzea ere eskumenak birzentralizatzeko". Horren ildotik, EH Bilduk argi dauka "Madrilen hartzen den erabaki bat bera ere ez dela Nafarroan hartzen direnak baino hobea edo eraginkorragoa izanen, hemen baitugu gure errealitatearen ezagutza eta gure baliabideen kudeaketa eraginkorra egiteko gaitasun hobea".
Hala, honako hau adierazi du: "Nafarroan larrialdietako eta babes zibileko plantilla dugu, suhiltzaile prestatuak eta egoera horietan salbuespenezko edozein jardueratarako babes-ekipamendu egokiak dituztenak". Hori dela eta, eskatu du "gure baliabideak aprobetxatzeko, eta ez militarrak, behar izanez gero, zaurgarritasun handiagoa duten zentro eta guneak garbitzeko eta desinfektatzeko, hala nola egoitzak".
EH Bilduk adierazi duenez, "uneotan lehentasuna osasun publikoa eta herritarren ongizatea da" eta, horregatik, "osasuna eta konfinamendu neurrien eraginkortasuna bermatzeko, ezinbestekoa eta premiazkoa da funtsezkoak ez diren jarduerak geldiaraztea edo ahalik eta gehien murriztea". Ildo beretik, indar subiranista kezkatuta agertu da babes materialik ez dagoelako, eta "eremu sozio-sanitario osoan beharrezkoak diren babes ekipoak eta materiala premiaz" eman eta banatzeko eskatu du. Era berean, EH Bilduk testen garrantzia azpimarratu du, eta horiek "kutsatzeko susmoa duten pertsona guztiei" egiteko eskatu du, "benetako positiboak identifikatuta izateko".
Parlamentuan laster eztabaidatuko diren Nafarroako Gobernuak onartutako neurriei dagokienez, EH Bilduk uste du Nafarroako Gobernuak proposatutako 100 milioi euroko funtsa "batez ere osasun premietara eta eremu sozial zein ekonomikora bideratu behar dela, epe laburrean pertsona ahulenen egoera arintzen laguntzeko".
EH Bildu enpresei likidezia bermatzearen alde agertu da, baina "enplegua mantentzeko eta lan eskubideak errespetatzeko bermeak eman behar dituzte". Era berean, "autonomoentzako babes-neurri eraginkorrak jarri behar dira martxan, jarduera eten edo nabarmen murriztu zaien neurrian".
Modu horretan, egungo egoeraren irakurketa politikoaz gain, EH Bilduk egin duen dokumentuan hainbat proposamen zehatz jasotzen dira landu beharreko lehentasunezko esparruei buruz, hala nola, osasuna, ekonomia eta lana, hezkuntza, gizartea eta presoak. Horrela, aipatutako dokumentua oinarritzat hartuko du Bakartxo Ruiz EH Bilduko Nafarroako bozeramaileak talde parlamentarioaren jarrera defendatzeko, Nafarroako Gobernuak onartutako neurriak baliozkotzeko helburuarekin ziur aski datorren ostiralean, martxoaren 27an, burutuko den osoko bilkuran.