Koalizioak azaldu duenez sei bilera egin zituzten lau alderdi politikoek eta hauetan EH Bilduren berreraikitze planerako proposamenak onartu ziren, hartara Maya izan da akordioari buruz gezurra esan duena
Joseba Asiron, Iruñeko Udaleko EH Bilduren bozeramailea oso argia izan da gaur Covid osteko berreraikuntza sozial eta ekonomikorako plana onartu den Osoko Bilkuran: "Iruñeak inoiz baino gehiago behar du Udal sendo bat, Udal koherente eta arduratsu bat, eguneroko txikikerietan eta zitalkerietan entretenitzen ez dena, baizik eta egoerari neurria hartu eta elkarrekin lan egiten duena helburu argi batekin: inor atzean ez geratzea”.
"Azpimarratzekoa da espediente hau egiteko alderdi politikoek izan duten erantzukizuna, adostasunetik abiatuta. Eta garrantzitsua da, halaber, etorkizunean nola lan egin daitekeen finkatzea, adostasuna, elkarrizketa eta lan bateratua lehenetsiz herritarrei bereziki interesatzen zaizkien hiriko gaietan: ingurumena, mugikortasuna, berdintasuna edo garapen ekonomikoa", gaineratu du koalizioaren bozeramaileak. Hurrengo urratsa etxebizitza-akordio bat lortzea izango da, oposizioko hiru taldeek adostuta, gazteentzako eta egoera horretan dauden familientzako babes ofizialeko 350 etxebizitza sustatzeko.
Arlo teknikoan, EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du akordio horrek "kutsu aurrerakoidun ekarpen garrantzitsuak" dituela, "zerbitzu publikoak indartzeko eta gastua gehien behar dutenengana bideratzeko". Enplegu sozialeko programen partida handitzea (200.000 euro), merkataritzarako bonuak sortzea (800.000 euro), kulturarako laguntzak (100.000 euro) eta mugikortasuneko erabakiei buruzko ituna; horiek guztiak EH Bilduren proposamenak dira, lehenik eta behin oposizioko taldeekin adostuak, eta ondoren Udaleko alderdi guztiekin. "Gure proposamenean nabarmentzen ditugu bereziki bonuen eta kulturarako laguntzen ekimenak, duela hilabete baino gehiago aurkeztu genituenak", gaineratu du Asironek. "Proposamen hau eta elkarlanerako eta elkar ulertzeko lan dinamika babestu dugu, gai izan gara larritasun handiko egoera batean erantzukizunetik eta adostasunetik lan egiteko, herritarren onerako hiri-itun baten alde; izan ere, ez dezagun ahaztu, haiek dira gure lanaren oinarria".
Mayaren eta Nafarroa Sumaren "gezurrek" lausotutako akordioa
Lau urterako hitzarmen hau egikaritzeko prozesuari dagokionez, gertaeren narrazioak erakusten du Enrique Maya alkateak gezurra esan zuela joan den ostiralean aurre-akordio bat zegoela ukatu zuenean, eta bere alderdiak lau alderdien arteko (EH Bildu barne) negoziaketetan parte hartu zuela. Horren harira, EH Bilduk gogorarazi du martxoaren 17an, duela ia bi hilabete eta erdi, Bozeramaileen Batzordeari aurkeztu zitzaiola gizarte-larrialdietarako poltsaren proposamena, eta bertan gaur onartutako planaren finantzaketa-esparrua eta lehentasunezko helburuak finkatzen zituela. Era berean, apirilaren 17an, koalizio subiranistak tokiko merkataritza bultzatzeko bonuak sortzeko proposamena aurkeztu zuen Bozeramaileen Batzordean. Bonu horiek, funts publikoak erabiliz merkataritza suspertzeko pizgarrien formula garatzen zuten. 11 egun geroago, apirilaren 26an, Lehendakaritzaren lehen batzorde presentzialean, koalizio soberanistak adierazpen bat aurkeztu zuen, kulturaren arloan jarduteko plan bat eskatuz, sektorearentzako laguntzak jasotzeko, eta laguntza horiek ere gaur onartutako itunean sartu dira. Akordiaren ardatza diren hiru gai horietan EH Bildu izan zen aurrea hartu eta proposamenak egin zituena, lehenik eta behin oposizioarekin eta ondoren gobernu taldearekin adosteko.
Oinarri horiek ezarrita, eskuineko hirukoak bere kabuz iragarri zuen maiatzaren 8an Anti-Covid Neurrien Plana, adostu gabe eta oposizioari jakinarazi gabe. Astebete geroago, maiatzaren 15ean, EH Bilduk Berreraikuntza Sozial eta Ekonomikorako Planaren proposamena aurkeztu zuen. Ordutik, sei lan-bilera egin dira lau alderdien artean (maiatzaren 11, 14, 15, 18, 20 eta 21a), eta gaur onartutako ituna bilera horien emaitza izan da. "Gertaeren kontakizunak eta bileren jarraipenak agerian uzten dute lau alderdien arteko akordioa egon dela, gure proposamenak onartu direla, arduraz lan egin dela eta EH Bilduk interes orokorra eta hirirako akordio bat lehenetsi dituela", azpimarratu du koalizioak.
"Herritarrek udal indartsu bat behar duten une kritiko honetan eskuineko hirukoak gezurraren eta gertatutakoaren desitxuratzearen aldeko hautua egin izanak kezkatzen gaitu. Gure alderdia eta ordezkatzen ditugun pertsonak baztertu nahi dituzte eta Madrilen dituzten ordezkarien interes alderdikoiak lehenetsi dituzte, Sanchezen gobernuari eraso egitean tematuta gure koalizioarekin langile klasearen aldeko akordioa egin duelako”. Hala ere, gaurko lortutakoarekin geratzen gara: " lau alderdien artean adostutako hiri plan bat”.