Albisteak

2023-04-14

Jon Erro Arbizu, EH Bilduren alkategaia Mendigorrian

Jon Erro Arbizu, EH Bilduren alkategaia Mendigorrian NAFARROA

EH Bilduk jakitera eman du Jon Erro Arbizu izanen dela bere zerrendaburua Mendigorrian  hurrengo udal hauteskundeetan. Duela 41 urte Barañainen jaio zen, baina bere familia Mendigorriatik dator eta bertan bizi da orain dela hainbat urtetatik.

Hautagaia “ilusioz” agertu da EH Bilduren hauteskunde-zerrendako buru izateko pausoa ematearekin, “talde berritu batek lagunduta”. “Zerrenda osatzen dugun pertsona berrien ilusioa, bai eta urte hauetan gobernatzen aritu direnen babesa ere, dagoeneko bideratuta dauden proiektuak burutzeko eta Mendigorria hobetzen jarraituko duten proiektu berriak hasi eta bultzatzeko bermea izanen dira”, adierazi du Errok.

Ildo horretatik, EH Bilduren Mendigorriarako lehentasunen artean, hirigintzan eta mugikortasunean egin gabeko hobekuntzak nabarmendu ditu hautagaiak. “Donanteen pasealekua konpondu gabe dago, baita kale batzuetako zoladura eta euri-urak ere. Aurreko legegintzaldian EH Bilduren lanari esker, Gareserako errepidea Errepide Planean sartu da”.

Halaber, Errok azaldu duenez, ingurumena izanen da programaren beste ardatzetako bat hurrengo legegintzaldian. “Gure herrien etorkizuna lurraldearen errespetuan eta zainketan oinarritutako tokiko garapenetik pasatzen da. Hainbat ibai-ibilbide sustatuko ditugu eta herriei etekinik utzi gabe ingurumenean kalteak eragiten dituzten azpiegituren ugaritzea geldiarazteko aukerak aztertuko ditugu”, adierazi du. Aldi berean, gogorarazi du “aurreko urteetan Mendigorriak ikusi duela nola planteatzen ziren energia berriztagarrien proiektuak edo inguruan makro etxalde gehiago jartzea”.

Era berean, arlo sozialean, Errok nabarmendu du “aurreko legegintzaldietan egin diren enplegu publikoko kontratazioak eta alde zaharreko etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak emateko aukera, bizileku-arazoari irtenbidea emateko”.

Azkenik, hautagaiak “euskararen normalizazioan Mendigorrian egin diren aurrerapenak” aipatu ditu, aurreko legegintzaldian herriko eskola publikoan D ereduko lerro bat ireki baitzen. “Euskararen presentziak aurrera egin du herrian, eta Udalak normalizazioa bultzatzeko eragile aktibo izaten jarraitu behar du”, esan du.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a