Albisteak

2023-03-05

Itziar Imaz Artazcoz, EH Bilduren alkategaia Garesen

Itziar Imaz Artazcoz, EH Bilduren alkategaia Garesen NAFARROA

Aurtengo maiatzeko udal hauteskundeetarako Garesko Udalerako bere zerrendaburua aurkeztu du EH Bilduk; Itziar Imaz Artazcoz, hain zuzen, egun udaleko zinegotzia dena. Aurkezpena igande honetan, martxoaren 5ean, eguerdian, herriko Alba plazan egin da. Ekitaldian, zerrendaburuak hitzaldi bat eman du eta Nafarroako Gobernuko presidentetzarako hautagai Laura Aznalek ere hitza hartu du. Horiekin batera, gaur egungo Garesko alkate Oihan Mendo ere bertan izan da, baita alderdi politikoko hainbat kargu eta dozenaka lagun ere.

Imaz “konpromiso politiko berri honekin ilusioz” agertu da, eta, aldi berean, onartu du “izugarrizko erronka” dela, “erantzukizun handiz” aurre egiten diona. Bere hitzartzean adierazi duenez, “lehentasuna argia da: garestar guztientzako politikak egitea”, eta adierazi du bere asmoa “aurreko urteetako lan-ildoari jarraipena ematearekin batera, herriak aurrean dituen erronka berriei aurre egiteko lantalde bat osatzea” dela.

Halaber, Imazek azken zortzi urteotan, Mendo buru izanda, Udalak egindako lana baloratu du. “Gares berritua, parte-hartzailea, bidezkoa, euskalduna eta kolektiboa eraiki dugu, eta herriari ahotsa eman diogu. Horrela jarraituko dugu, herri gisa iraunkortasunean, bizigarritasunean, subiranotasunean eta pertsona guztientzako eskubideetan aurrera egiteko dugun potentziala baliatuz”, nabarmendu du.

Bere aldetik, Nafarroako presidentegaiak, lehenik eta behin, eskerrak eman dizkio Imazi “Garesekin eta EH Bilduren proiektuarekin adierazi duen inplikazio eta konpromisoagatik”. Era berean, gogorarazi du “urte zailak izan direla herriarentzat, pandemia eta duela urtebete baino gutxiago inguru honetan gertatutako sute izugarriak direla eta”. Azpimarratu duenez, “egoera horiei guztiei auzolanetik egin zaie aurre, EH Bilduren gobernatzeko eta lan egiteko moduaren adibide argia dena, bai erakundeetan baita kalean ere”.

Era berean, Aznalek nabarmentu du “EH Bildu Garesek ingurumenarekin izan duen konpromisoa, Gares Energia eta Garesbideren proiektuekin gauzatu duena”. Hala, “politika globalak, baina baita tokikoak ere, behar ditugu, lidergo publikotik energia-trantsizioan aurrera egiteko, eta Garesen horren adibide ona dugu”, defendatu du.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a