EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak eskola-garraioarekin lotutako bi ekimen erregistratu ditu. Alde batetik, Hezkuntzako kontseilariari zuzendutako galdera bat, Zizur Nagusiko eta beste herri batzuetako ikasleen aldarrikapenei zer erantzun emango zaien jakiteko, eskola-garraioaren onuradun izan ahal izateko, irisgarritasun-arazoak daudenean beren herriko ikastetxeetara joateko.
Indarrean dagoen araudiak hainbat baldintza betetzen dituen eta eskola-zonifikazioaren arabera dagokion ikastetxe publikora joateko hiriarteko desplazamendua behar duen ikaslea onartzen du eskola-garraioaren onuradun gisa. Hala ere, EH Bilduk adierazi duenez, "irisgarritasun arazoak daude herri berean ere, distantzia luzeak egin behar dituztelako eta autobiak edo trenbide-pasaguneak zeharkatu behar dituztelako". Izan ere, eskaera hori Zizur Nagusiko Udaleko Osoko Bilkurak onartutako adierazpen baten emaitza da, eta Tafalla edo Berriozar bezalako beste herri batzuek ere aldarrikatu dute, horiek ere antzeko irisgarritasun arazoak baitituzte beren ikastetxe publikoetarako.
Ildo beretik, EH Bilduk mozio bat ere erregistratu du, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentuari eskatzen baitzaio eskola-garraioaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen araudia aldatzeko, ikasle horiek eskola-garraioaren onuradun izan daitezen. Gainera, neurri horren ondoriozko gastua 2020ko Aurrekontuen Proiektuan jasotzeko eskatu dio EH Bilduk Gobernuari.
Era berean, mozioaren bigarren puntuan, EH Bilduk eskatzen du urtebeteko epean azter eta proposa daitezela behar diren mekanismoak 16 eta 18 urte bitarteko ikasleei eskola-garraioaren estaldura emateko, baldin eta landa-eremuetatik Iruñera joan behar badute Batxilergoa edo Lanbide Heziketa egiteko, egungo araudiarekin zerbitzuaren onuradun ez baitira. Udal ugariren eskariaren aurrean, EH Bilduk gogora ekarri du "Hezkuntza Departamentuko aurreko lantaldeak aldarrikapen horri ekonomiaren eta antolakuntzaren ikuspuntu batetik estaldura nola eman aztertzeko konpromisoa" hartu zuela.
Hala, EH Bilduren ustez, "hori da egungo Departamentuak jarraitu beharko lukeen ildoa; izan ere, hainbat udalek argudiatu duten bezala, lurralde-kohesioa bultzatzeko eta landa-eremuetako despopulazioa saihesteko neurri bat da, hezkuntzarako sarbiderako ekitate-arrazoiez gain".