EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak mozio bat erregistratu du Foru Gobernuari eskatzeko “luzamendu bat ezar dezala tramitatzen ari diren makroinstalazio eoliko, fotovoltaiko eta horiekin lotutako azpiegituretarako proiektuetan, Nafarroako benetako energia-beharrak aztertu ahal izateko”. Ekimenaren helburua da Gobernuari eskatzea “Nafarroako garapen berriztagarria behar bezala arautu eta planifikatzeko”.
EH Bilduk irmoki defendatu duenez, "beharrezkoa da inplikatutako estamentu guztien eta herritarren artean eztabaida sozial zabala irekitzea, eta, hala, Nafarroa, planifikazio demokratikotik, energia-trantsiziorako eredu izatearen alde egitea, eta ez egotea energia berriztagarrien ekoizle huts gisa ondorio estatistikoetarako".
Laura Aznal EH Bilduren Garapen Ekonomikorako Batzordeko bozeramaileak kritikatu duenez, “Espainiako Estatuan eta Nafarroan, oro har, instalazio berriztagarriei buruzko proiektuak oso maila handian ugaritzen ari dira”. “Proiektu horietako askok inpaktu larriak eragingo lituzkete ezarri nahi diren ekosistemetan, eta, gainera, proiektu batzuek 2030eko Nafarroako Energia Planaren arabera argi eta garbi ezegokitzat jotzen diren eremuetan kokatzen dituzte”, gaitzetsi du Aznalek.
Aznalek nabarmendu duenez, “aurrekaririk gabeko eta irismen handiko trantsizioa behar da energia-sisteman; izan ere, premiazkoa eta ezinbestekoa da energia-kontsumoaren mailak murriztea, autokontsumoa bultzatzea eta energia berriztagarrien garapena sustatzea, erabateko deskarbonizazioa lortu arte”.
Hala ere, EH Bilduko parlamentariak ohartarazi du Nafarroako Gobernuak “egun inslatuta dagoen potentzia laukoitzen duten eta 2030erako ezarritako helburuak aise gaindituko lituzketen energia berriztagarrien proiektuak aurreikusten dituela”.
Horregatik guztiagatik, Aznalen ustez, “parke eoliko eta fotovoltaiko horiek ezin dira edozein preziotan jarri, eta ingurumenaren eta bioaniztasunaren babesak kontuan hartu beharreko faktore ukaezina izan behar du”.
Hala, EH Bilduren mozioak, zehazki, honako hau eskatzen dio foru Gobernuari: “Nafarroako garapen berriztagarria behar bezala arautu eta planifikatzea; gaur egun makroinstalazio eoliko, fotovoltaiko eta azpiegiturakoen izapidetze-prozesuan dauden administrazio-prozedura guztiak behin-behinean etetea; energia-beharren, proiektu horiei aurkeztutako alegazio guztien azterketa zehatza egiteko eta gure ekosistemetan izan daitezkeen eraginen balorazioa ezagutzeko”.
Azkenik, Gobernuari eskatzen dio “azpiegitura eolikoak eta orubeaen izapide, kontzesio eta ezartzean, proiektuek eragindako toki-erakundeen autonomia errespeta dezala, proiektuek beren titulartasuneko lurretan (ondarekoak, zuzenbide publiko edo herrilurrekoak) instalazioa baimentzeko edo ez baimentzeko erabakitzeko gaitasuna mugatzen edo ezeztatzen duten baliabide edo asmo juridikoak erabili gabe”.