EH Bilduk datozen udal hauteskundeei begirako Berriozarko Udalerako bere zerrendaburu berria aurkeztu du. Iker Mariezkurrena Zelaia da, herriko bizilaguna, eta “konpromiso politiko berri honekiko ilusioz eta gogoz” aurkeztu du bere burua militantziaren aurrean. Ekitaldia igande honetan burutu da, eguerdian, Berriozarko Euskal Herria Plazan, eta han izan da Mariezkurrenari bere babesa agertuz Nafarroako Gobernurako presidentegaia, Laura Aznal, baita alderdi politikoko beste kargu batzuk eta dozenaka lagun ere.
Berriozarko Alkatetzarako EH Bilduko hautagai berriak eskertu egin du bere hautagaitzak jaso duen babesa, eta adierazi du “erronka handi hau erantzukizun handiz” onartzen duela. “Zerrenda berritua, plurala eta esperimentatua eginen dugu. EH Bildu udal hauteskundeak irabazteko aurkeztu da, eta horretarako lanari ekinen diogu gaurtik aurrera”, azaldu du.
Era berean, Mariezkurrenak “herri jasangarriagoa eta bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko beharra” defendatu du. “Gure proposamenen ildo nagusiak trantsizio ekologikoa, adinekoen zaintza, emakumeen eskubideen defentsa, zerbitzu publikoen sendotzea, euskara, kultura-sarea, kirol-egitura, gazteen elkarte-mugimendua, kalitatezko hezkuntza eta osasun publikorako eskubidea dira; azken batean, Berriozar aktiboa, konprometitua eta bizitzeko atsegina eraikitzea”, aditzera eman du.
Ildo horretatik, Mariezkurrenak ziurtatu du “langile-gehiengoaren interesak defendatzeko bermea” dela EH Bildu.