Albisteak

2021-08-09

Hizkuntza planak behingoz abiarazteko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari

Hizkuntza planak behingoz abiarazteko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari NAFARROA

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak foru Gobernuko departamentuei zuzendutako galdera bana erregistratu du “hizkuntza planen garapenaren egoeraz” jakiteko.

EH Bilduk ohar batean gogora ekarri duenez, “aurreko legegintzaldian, Euskararen Plan Estrategikoa abian jartzearekin batera, Nafarroako Gobernuaren departamentuek hizkuntza planak egiteko prozedurari ekin zioten. Gobernu berria osatzearen ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura berria ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak abuztuaren 6an emandako 22/2019 Foru Dekretuaren bidez”. “Hori dela eta, berriro ekin zitzaion hizkuntza planak egiteari eta dagoeneko departamentu guztietako planak ikusgai daude Gobernu Irekiaren atalean”, adierazi du.

Ildo horretan, EH Bilduk gogoratu duen moduan, “jada pasa den urte bukaeran galdetu egin genion Gobernuari departamentuek egindako hizkuntza planen garapenaren aurreikuspenaz, baina ez genuen erantzun zehatzik jaso”.

EH Bilduk salatu duenez, “legegintzaldiaren erdian gaude eta hizkuntza planak oraindik ezarri gabe eta, hortaz, abian jarri gabe daude”. “Nafarroako herritar guztien eskubidea da Administrazioan euskaraz artatuak izatea bai eta euren hizkuntza propioan kalitatezko arreta jasotzea ere, eta hain justu Nafarroako Gobernuaren betebeharra da eskubide horiek bermatzea”, adierazi du. “Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi duen konpromisoa behingoz gauzatu behar du, hizkuntza planen ezarpena gehiago luzatu gabe, hau da, hitzetatik ekintzetara pasatuz”, defendatu du irmoki EH Bilduk.

Hori dela eta, EH Bilduk Gobernuko departamentu bakoitzari hizkuntza planaren garapenaz galdetzearekin batera, “ezarritako sei helburuen baitan zehaztu diren jarduketa ildoetako bakoitza betetzeko epeaz” ere galdegin dio. Horrekin batera, talde parlamentarioak jakin nahi du “departamentu bakoitzaren plantilla organikoan beharko liratekeen hizkuntza perfilen zehaztapena egin al den, zenbat lanpostutan ezarriko den perfil elebiduna eta zein izanen den guztira departamentu bakoitzeko lanpostu elebidunen portzentaia”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a