EH Bilduk balorazio gazi-gozoa egin du merezimenduen dekretuko azken epaiaz; izan ere, partzialki baliogabetu du araua.
Alde batetik, pozik agertu da epaileek merezimenduen dekretuaren bi artikulu indargabetu dituztelako, hain zuzen, atzerriko hizkuntzak euskararen gainetik puntuatzeko aukera ematen zutenak. Baina, bestaldetik, epaiak ez du ezer esaten errekurtsoa aurkeztu zitzaien beste artikuluen inguruan eta hori “oso kezkagarria” da EH Bildurentzat. Salatu duenez, bere horretan mantentzen diren artikuluek atzerriko hizkuntzak baloratzeko aukera ematen dute, baina ez euskara; eta, era berean, eremu ez euskaldunean euskara ez du baloratzen uzten eta atzerriko hizkuntzak, aldiz, bai. “Zentzugabekeria hutsa”, alderdiaren iritziz.
EH Bilduk ohar batean adierazi duenez, dekretu honek “bide luze eta malkartsua” izan du eta jarraitzen du izaten. Gogorarazi duen bezala, dekretua bera Nafarroako Kontseilutik pasa zen eta horrek 2024ko otsailean eman zuen irizpena euskararen ezagutza oro har meritu gisa baloratzearen kontrakoa izan zen; baina, aldi berean, ez zitzaion batere gaizki iruditu Europar Batasuneko hizkuntzak baloratzea. Oraingo epaiak Nafarroako Kontseiluak esandakoa, hain justu, “okerra eta zentzugabea” dela berresten du. “EH Bildutik hasieratik defendatu dugun bezala, dekretua oso murriztailea dela eta nafarron hizkuntz eskubideak erabat urratzen dituela esan du”.
Halaber, Euskararen Nafar Kontseilutik ere pasa izan zen merezimenduen dekretuaren zirriborroa 2024 irailean, eta euskararen inguruko irizpideak emateko autoritatea duen organo tekniko honek dekretuaren kontrako irizpena eman zuen, murriztailea zela esanez. “Baina Nafarroako Gobernuak ez zion kasurik egin”, salatu du EH Bilduk.
Ildo horretan, EH Bilduk gogora ekarri du dekretua bertan behera uzteko eskatzen zuen mozio bat aurkeztu eta eztabaidatu zela Nafarroako Parlamentuan, 2024ko irailean. Nafarroako Auzitegiak emandako epaiak “gure mozioak eskatzen zuena berresten” duela azpimarratu du.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk adierazi du merezimenduen dekretuaren inguruan “indefinizio juridiko handia dagoela agerian uzten duela berriz ere” epai berri honek eta, hortaz, “Euskararen Legea aldatzeko premiazko eta ezinbesteko beharra” adierazten du. Alderdi subiranistak irmoki defendatu duenez, “Nafar guztion hizkuntz eskubideak errespetatzeko beharra dago eta foru Gobernuari dagokio hori bermatzea”. “Zentzugabekeria handia da bertako hizkuntza den euskarak baloraziorik ez izatea administrazioko lanpostuetarako eta, aldiz, atzerriko hizkuntzak meritutzat hartzea”, salatu du. “Bada garaia Nafarroako euskaldunon eskubideak errespeta daitezen. EH Bildun hori lortzeko lanean tinko jarraituko dugu”.