Laura Aznalek bere konpromisoa agertu du “hezkuntza afektibo-sexualarekin, ikastetxe eta eremu ez-formal guztietan”. EH Bilduko hautagaiak “hezkuntza afektibo-sexualak osasunari, ongizateari eta garapen pertsonal eta sozialari dagokienez dituen onurak” balioan jarri ditu, eta azpimarratu du “sexu-transmisiozko infekzioak, nahigabeko haurdunaldiak eta abortuak, eta sexu-indarkeria prebenitzeko tresnarik onena” dela.
Hala, Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko 103/2016 Dekretuaren “garapen osoa eta eraginkorra” aldarrikatu du, “eskuinaren politika atzerakoiak hainbat hamarkadatan egin ondoren, beste garai bat ekarri zuena”, eta, horretarako, “zeharka eta bitarteko nahikoekin lan egin behar da”.
Hezkidetzaren esparruan, azken urteotan Skolae hezkidetza-programa ezartzearekin “urrats garrantzitsuak” egin direla adierazi du Aznalek, “eskuindarrek hainbeste gaitzetsu duten programa”. Era berean, azpimarratu du “asmo handiagoz lan egin behar dela hezkidetza eta berdintasuneko hezkuntza funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztietan orokortzeko, salbuespenik gabe”.
Azkenik, EH Bilduko hautagaiak “kezka handia” agertu du “emakumeenganako sexu-indarkeria areagotzeari dagokionez”. Hala, “herritar guztiak inplikatzearen alde” agertu da, eta, “eskola-inguruneaz gain, sexu- eta afektibitate-hezkuntzari buruzko prestakuntza- eta sentsibilizazio-tailerrak sustatzearen alde, bereziki gazteen eta helduen artean, parte-hartze eta inplikazio komunitarioarekin eta sexu-hezitzaileen sarearekin”.