EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak mozio bat erregistratu du Nafarroako Gobernuari eskatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen oporren, lizentzien eta baimenen Araudia alda dezala, “guraso bakarreko familietan amatasun-baimena beste 16 astez luzatzeko” eta, hartara, “guraso bat baino gehiago dituzten familietan emandako baimenarekin parekatzeko”.
EH Bilduk ohar batean defendatu duenez, “guraso bakarreko familietako adingabeek ezin dituzte bi gurasoekin hazten direnek baino eskubide gutxiago izan. Azken horiek beren gurasoak 32 astez zaindu baditzakete, diskriminatzailea da 16 asteko arreta soilik izatea besteek”.
Ildo horretan, erregistratutako mozioan, EH Bilduk erreferentzia egiten die Galiziako eta EAEko zenbait epai judiziali. Epai horiek “guraso bakarreko familiei seme-alabak jaiotzeagatik 32 asteko baimena izatea aitortzen diete, Administrazioak eskaera ukatu ondoren”. Ebazpen judizial horiek “bi gurasoek osatutako familietan horietako bakoitzak legez duen baimena batzera guraso bakarreko familiek duten eskubidea bermatzen dute” gaineratu du.
Era berean, EH Bilduren ustez, “guraso bakarreko familiei baimena metatzeko eskubidea kentzea ere sexuagatiko zeharkako diskriminazioa da, askoz ugariagoak baitira emakumez osatutako guraso bakarreko familiak gizonezkoez osatutakoak baino”.
Horregatik, mozio horren bidez, EH Bilduk Estatuko Gobernuari ere eskatzen dio “amatasun-baimenak guraso bakarreko gurasoei luzatzeko”.