Albisteak

2026-09-15

Gazteen lege berrian hizkuntza eskubideak eta euskararen doako ikaskuntza bermatzea proposatu du EH Bilduk

Gazteen lege berrian hizkuntza eskubideak eta euskararen doako ikaskuntza bermatzea proposatu du EH Bilduk NAFARROA

Administrazio ezberdinen arteko lankidetza, euskara eta parte-hartzea dira EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Gazteriaren Foru Lege proiektuari egin dizkion zuzenketen ardatzak.

Ezker subiranistak euskararen presentzia bermatu nahi du Foru Legean jasotako esku-hartze eremu eta ekimen guztietan. Proposamenen artean, administrazio publikoek hizkuntza-eskubideak bermatzea dago, prestakuntza-etapa guztietan ikaskuntza sustatuz. Eta neurri zehatzak jasotzen ditu, hala nola euskaltegietara (publikoak edo gizarte ekimenekoak) eta Hizkuntza Eskola Ofizialetara joaten diren gazteentzat euskara ikastea doakoa izatea; Nafarroatik kanpo eskaintzen diren euskarazko goi mailako ikasketetarako laguntza eta beka espezifiko konpentsatzaileak, eta gazteei zuzendutako gizarte, kultura edo kirol aitorpen desberdinetan euskarari ikusgarritasun berezia ematea. Gainera, zuzenketetan jasotzen dira gazteek informazio guztia euskaraz jasotzeko eskubidea, formakuntza saioetan euskara ere erabiltzeko bermea eta gazteen artean euskararen aldeko jarrera garatzeko proiektuak.

Lankidetzari dagokionez, Nafarroako Gazteriaren foroa jada gazteriarekin lan egiten duten elkarteekin eta mugakide diren erkidegoetako erakunde zein Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa Euroeskualdearekin elkarlanean arituko dela bermatzeko zuzenketak aurkeztu ditu.

Azkenik, EH Bilduren gainontzeko zuzenketek gazteek parte hartzeko prozesu eraginkorrak bermatu, euren ahotsa politika publikoetan txertatzeko bitartekoak sustatzea eta enplegu egonkorrak, lan baldintza duinak eta gazteen emantzipazioa bultzatzea dute helburu. Zuzenketak Geroa Bairekin batera aurkeztu dira.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a