Albisteak

2020-09-01

Garraldako ikasleen irisgarritasuna hobetzeko eskatu du EH Bilduk

Garraldako ikasleen irisgarritasuna hobetzeko eskatu du EH Bilduk NAFARROA

EH Bildu Nafarroak kritikatu du "ikasturtea hasteko astebete falta denean, Hezkuntza Departamentuak Garraldako CPEIP-IESO erreferentzia-zentroa duten udalei eta familiei helarazi dien haurrentzako eskola-garraioaren proposamenean Abaurregainako ikasleek zuten taxi-zerbitzua kendu izanda eta, horren ordez, Garaioa, Hiriberri Aezkoa eta Aribeko ikasleak garraiatzen dituen mikrobusean sartu izana. Horrela, aldaketa hori gaitzetsi du, "familiei kezka eragiten dielako, ikasle askoren ibilbidea luzatzen duelako eta, ondorioz, arriskua areagotzen duelako".

Era berean, EH Bilduk kezka agertu du Oroz-Beteluko haurren eskola-garraioko zerbitzuagatik, "Orbaizetara joan eta Garraldara itzultzera behartuko lituzkeen ibilbidean sartu baitituzte; horrela, ordubete inguruko ibilbidea egin beharko lukete, eta horrek arrisku handiagoa ekarriko lieke adingabeei".

Ildo horretan, koalizio subiranistak gogorarazi duenez, "aurreko legealdian Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu zuen Ekialdeko Pirinioetako egoera sozioekonomikoari buruzko lantaldearen txostena, non hainbat neurri jasotzen diren bailara horietako biztanleak oinarrizko zerbitzu publikoetara, hala nola hezkuntzara, iristen laguntzeko". "Irizpide ekonomizisten gainetik, herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta irisgarritasuna funtsezko bi alderdi dira biztanleria-gabezia larria duen eremu batean biztanleria finkatzeko", defendatu du. "Eta hori bigarren lekuan geratzen da proposamen berriarekin", kritikatu du.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduren Talde Parlamentarioak hainbat galdera erregistratu ditu Nafarroako Gobernuari zuzenduta, jakiteko "zergatik kendu den Abaurregainako taxi zerbitzua, Oroz-Betelutik taxi-zerbitzua ezartzeko aukera baloratu den, zein izango litzatekeen Abaurregainatik eta Oroz-Betelutik Garraldara taxi-zerbitzuak ezartzearen kostua eta alde ekonomikoa eta, azkenik, Hezkuntza Departamentuak hasierako proposamena aldatzeko eta ikasle horiek beren erreferentziazko ikastetxerako irisgarritasunaren alde egiteko aukera baloratzen duen”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a