Albisteak

2022-12-22

Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenaren aurrean, EH Bilduk uste du Nafarroako Gobernuak “aurrera begirako eztabaida zabaltzeko aukera galdu” duela

Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenaren aurrean, EH Bilduk uste du Nafarroako Gobernuak “aurrera begirako eztabaida zabaltzeko aukera galdu” duela NAFARROA

Abenduaren 23an Nafarroako Gobernuak LORAFNAren 40. urteurrena ospatzeko antolatu duen ekitaldiaren aurrean, EH Bilduk uste du Foru Gobernuak “aukera bat galdu duela atzera begiratzeari utzi eta etorkizuneko Nafarroari atea irekitzeko”

EH Bilduk uste du “nafarrok ez daukagula ospatzeko ezer ere”. Alderdi politikoak adierazi duenez, “LORAFNAk ezartzen duen autogobernu ereduak Nafarroaren burujabetzari mugak jarri eta nafarrok har ditzakegun erabakiak Espainiako Estatuaren botereen mende mantentzen ditu”. “Atzera begira jarri nahi gaituzten ekitaldiak egin baino, aurrera begira jartzeko garaia da. 40 urte beranduago, agerikoa da nafarrok geure erabaki propioak hartzeko beste marko bat behar dugula eta espainiar Estatuarekin zein gainontzeko euskal lurraldeekin nolako harremana izan nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugula”, gaineratu du.

Halaber, EH Bilduk adierazi du “bai Espainiako Senatuan antolatutako ekitaldiak, bai Nafarroan urtearen hondarretan antolatutakoak ere marko hau betikotzeko helburua” daukatela. “40 urte pasata, denak berdin jarrai dezan eta ezer ere alda ez dadin. Parlamentuan autogobernu ponentzia irekitzeari uko egin diote sektore politiko nagusiek, eztabaidari beldur diotelako. Baina etorkizunera begirako eztabaida sozial eta politikoa beharrezkoa da, bestelako tresna juridiko eta politikoak behar ditugulako Nafarroan parez pare ditugun erronkei aurre egiteko”, esan du.

Ildo horretan, “EH Bilduko gizon-emakumeok LORAFNAk zehaztutako eskumen guztiak gure esku gera daitezen eta autogobernuaren defentsan lanean jarraituko dugu. Eta tinkotasun berberarekin diogu ez garela egun dauzkagun eskumen apurrekin konformatzen. Burujabetza behar dugu. Geure burua benetan gobernatzeko anbizioa dugu, Nafarroa justu eta demokratikoagoa eraikitzeko”, berretsi du EH Bilduk.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a