Albisteak

2024-05-27

“Euskara merezi duen lekuan jartzeko ahaleginetan jarraituko dugu, Europako instituzioetan ere bai”

“Euskara merezi duen lekuan jartzeko ahaleginetan jarraituko dugu, Europako instituzioetan ere bai” NAFARROA

Euskararen eta euskal kulturaren gaiari heldu dio EH Bilduk, gaur goizean. Garat Gaztelu Europako hauteskundeetarako zerrendako hautagaiak hartu du hitza.

"Euskal Herrian eta Nafarroan ongi dakigu gure bizitzan zehar behin baino gehiagotan aurrea hartu behar izan dugula gurea dena defendatzeko. Gure hizkuntza, euskara, sarri izan da gure aldarrikapen nazionalen arrazoietako bat. Eta Europako hauteskunde hauek beste aukera bat dira horretarako, euskara eta Euskal Herria defendatzeko. Euskara, gure hizkuntza, Europako hizkuntza zaharrena, makina bat aldagaik baldintzatutako egoeran bizirautera behartuta dago. Gero eta globalizatuagoa den munduan, gurea bezalako hizkuntza minorizatu batek babes egitura handiagoak behar ditu. Instituzioek zeresan handia dute horretan, udaletatik hasi eta Europa mailakoetaraino. Europako instituzioetan hartzen diren erabakiek ere eragiten dutelako euskararen bizirautean. Aldaketek euskararen etorkizuna baldintzatzen dute. Eta gurea bezalako hizkuntza minorizatu batek bestelako babes neurriak behar ditu. Euskara ez da museotan edo kristalezko kutxetan erakusteko. Euskara hizkuntza bizia da, eta horrela izan behar du. Kalean, eskolan, lantokian, etxean, pantailetan... Hori horrela izateko bermea izango da EH Bildu. Nafarroan defendatzen dugun gisan, Euskara Europar Batasunaren hizkuntz ofizial izendatzearen alde lan egingo dugu. Horren ondorioz, euskara beste hizkuntza ofizialen maila berean egongo litzateke eta Europar Batasuneko kultur promozioa, ikus-entzuneko sorkuntza eta bestelako gaietan beste hizkuntza guztien trataera berdina jasoko luke, diru-laguntza eta aukerei dagokionean. Euskarak egiten gaitu euskaldun. Euskaldunak gara, eta harro gaude horretaz. Euskaldunak garela erakutsi eta defendatzen dugu, mundu zabaleko txoko guztietan. Horren adibide larunbatean Tafallan bizitakoa. Zenbaitzuk euskarari, euskal kulturari eta Euskal Herria berari atea ixteko ahaleginetan ari direnean, EH Bildutik euskara eta Euskal Herria merezi duen lekuan jartzeko ahaleginetan jarraituko dugu. Europako instituzioetan ere bai".

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a