EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak mozio bat erregistratu du, zeinaren bidez eskatzen duen Osasun Departamentuak eremu publikotik bere gain har dezala etxez-etxeko errehabilitazio zerbitzua eta haren pribatizazio prozesua geldiaraz dezala. Santos Indurain kontseilariak abenduaren 10ean iragarri zuen horren lizitazioa, Osasunbidearen Gaitasun Funtzionala Hobetzeko Planaren barruan.
Halaber, Osasun Departamentuari eskatzen zaio bere gain har dezala zerbitzu berririk ez pribatizatzeko konpromisoa, bai eta berrikusi ditzala ere enpresa pribatuekin egindako itun eta kontratu guztiak, sektore publikorako, ahal den neurrian, jada pribatizatuta dauden zerbitzuak berreskuratzeko.
EH Bilduren ustez, kontseilariak iragarritako erabakia "bide arriskutsua da, azken urteotan bultzatu diren politiketatik urruntzen dena; izan ere, sektore publikoarentzat hainbat zerbitzu berreskuratu dira, hala nola, Nafarroako Ospitaleko sukaldeen kudeaketa, etab.". Ildo horretatik, "jarraitu beharreko bidea hori dela uste dugu: ahal den neurrian pribatizatuta dauden zerbitzuak despribatizatzea eta zerbitzu berri bat ere ez pribatizatzea, zerbitzu publikoarentzat eta arretaren kalitatearentzat dakarren galeragatik".
Horrela, EH Bilduk kritikatu duenez, "akatsa da enpresa pribatu baten lizitazioa eta prestazioa aukera bakartzat hartzea".
Horregatik guztiagatik, EH Bildu bat dator fisioterapiako arreta behar duten herritarren etxera eramateko beharrarekin, “baina ez zerbitzua baliabide propioekin emateari uko eginez”.