Bel Pozueta EH Bilduko Nafarroako diputatuak Espainiako Gobernuari zuzendutako hainbat galdera erregistratu ditu, "Gobernuak Esako urtegia handitzeko asmoa duen edo ez jakiteko".
Ohar batean, Pozuetak Auzitegi Nazionalak kaleratu berri duen epaiari erreferentzia egin dio; zeinaren arabera, Aragoiko Val de Xalon eskualdean kokatutako Mularroyako urtegiak "ez du Europako araudia betetzen, eta, beraz, geldiarazi egin behar da".
Pozuetak gaineratu duenez, "norabide bereko bosgarren epaia da, eta, horren arabera, Mularroyako presak, bai eta deribazioko eta ontziz aldatzeko hoditeriak ere, Uraren Esparru Zuzentarauan ezarritakoa urratzen du, kaltetutako ibaiak hondatzea saihesteko salbuespena justifikatzeko betebeharrari dagokionez bereziki".
Hori dela eta, EH Bilduko diputatuak defendatu du "ingurumen eta segurtasun aferak kontuan hartu" behar direla mota horretako urtegiak eta instalazioak zabaltzerako orduan.
Horren harira, Pozuetak galdetu du "Espainiako Gobernuak uste ote duen epailearen erabakiaren ondorioz Esako handitze lanak bertan behera utzi behar ote diren" eta "urtegia betetzea baztertzen ote duen".
Halaber, lanak Uraren Esparru Zuzentarauaren aurka doazela kontuan hartuta, Pozuetak Gobernu zentralari galdegin dio "orain arte izandako egitateen politikarekin amaituko duen eta hartutako erabaki judizialak aintzat hartu, errespetatu eta beteko dituen".